Politika -

Urriak 25

Alderdiak zatituta aurten ere, Gernikako Estatutuaren 36. urteurrenean

EAJk dio 'ironikoa' dela PSEk eta PPk ospatzea, eta EH Bilduk 'erabateko subiranotasunak' etengo dituela erasoak; PSEren ustez 'identitate askatasuna' bermatzen du, eta PPk dio modernizatu daitekeela

Euskadiko Estatutuak 36 urte bete ditu

2:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramalearen hitzetan ''ironikoa'' eta ''txiste txarra'' da PSE-EEk era PPk igande honetan Gernikako estatutuaren urteurrena ospatzea. Jeltzalearen hitzetan ''bi alderdi hauek izan dira Estatutuaren oinarriak higatu dituztenak''.

Gernikako Estatutuaren 36. urteurrenean, Aitor Estebanek esan du jeltzaleek ez dutela ''zer ospatu''. Edonola ere, onartu egin du Estatutuak badituela bere ''bertuteak'', tartean euskal erakundeak sortu izana eta, horri lotuta, ''euskal gizartearentzat ongizate eta zerbitzu sozialak'' bultzatu izana.

Estebanek uste du hurrengo legegintzaldian irekiko den garai politikoan ''zalantzan'' jarriko direla, ''inoiz baino gehiago'' Estatutua bera eta baita autogobernua ere.

 

 

EH Bilduren ustez, erabateko subiranotasunak bakarrik etengo ditu autogobernuaren kontrako erasoak

Peio Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak esan du euskal autogobernuak egun bizi dituen ''etengabeko erasoak'' Euskal Herriarentzako ''erabateko subiranotasunak bakarrik'' geldiaraziko dituela.

Urizarrek gogoratu du orain urtebete euskal hezkuntza sistemaren kontrako erasoak salatzen zituztela, eta orain Kupoaren, Kontzertu ekonomikoaren eta Hitzarmenaren kontrako erasoak salatzen dituztela. Koalizioaren hitzetan, ''Espainiar Estatuak ez du inoiz Estatutuan sinetsi, ez horren espirituan ezta letran ere''.

''Egungo autogobernua eta horren erremintak defendatzea dagokigu, erabateko autogobernua lortzeko abiapuntu gisa eta erabateko subiranotasun agertoki baterako abiapuntu gisa'', esan du Urizarrek.

EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du ''egungo esparru autonomikoa gainditu'' behar dela ''eraso horiek desagertu daitezen''. ''Erabateko subiranotasunaren agertoki'' hau ''Euskal Herriko agente politiko, sindikal eta ekonomikoen akordioaren bitartez'' lortu behar dela defendatu du.

 

 

PSE-EEk uste du Estatutuak bermatu egiten duela ''pertsona bakoitzaren identitate askatasunerako eskubidea''

Patxi Lopez lehendakari PSOEko Ekitza Politikoko idazkari nagusiak esan du Gernikako Estatutuak eta autogobernuak ''gure gizartean dauden pertenentzia sentimenduen aniztasuna'' aintzat hartzen dutela, eta erreminta ''preziatua'' direla ''pertsona guztien identitate askatasuna bermatzeko''. Patxi Lopezen aburuz, erakundeek hori bermatu behar dute.

''Askatasun bidea'' izeneko ekitaldian egin du agerraldia agintari sozialistak, PSE-EEk Gernikako Estatutuaren 36.urteurrena ospatzeko antolatuta. ''Ezberdinen arteko ituna, eskubide eta askatasuna berdinak izateko. Euskadin gure elkarbizitza definitzen duen Estatutua, mundu zabalago baten baitan, Espainian eta Europan'', aldarrikatu du.

''Elkarbizitza demokratikorako esparru'' gisa defendatu du Estatutua, ''denontzako tokia duen Euskadi definitzen duelako, eta diskriminaziorik eta itxurazko banaketarik gabe aniztasuna defendatzen duelako'', gaineratu du. Halaber, Estatutua ''zerbait bizia eta erabilgarria'' dela argudiatu du. ''Arazoak konpontzeko pentsatutako errealitate dinamikoa'', esan du.

 

PPk uste du Estatutua eguneratu daitekeela, baina adostasunetik

Alfonso Alonso Espainiako Gobernuko Osasun ministro eta Euskadiko PPko buruak igande honetan adierazi du Konstituzioa eta Estatutua modernizatu daitezkeela, ''bi arauen jaiotzean izan zen adostasun oinarri bera lortzen bada''.

Bizkaiko afiliatuekin bazkaria egin dute, 36. urteurrena ospatzeko, eta Alonsok bertan esan duenez, ''euskal herritarrek ditugun lege guztiak modernizatu daitezke''.

''PP da, Euskadin eta Espainian, Kontzertu Ekonomikoaren eta autogobernuaren bermea, Euskadi Espainiatik aldendu nahi izan dutenen aurrean, Kontzertu ekonomikoan inoiz sinistu ez duten sozialisten aurrean eta eskubide historikoak zalantzan jartzen ari direnen aurrean'', esan du Alonsok.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Alderdi politikoak berriak EH Bildu Bizkaia Euskal sozialistak Euskadiko PP berriak