Politika -

Katalunia

CUPek Raul Romeva proposatu du Kataluniako Presidentetzarako

Alderdi antikapitalistaren bi diputaturen arabera, Junts Pel Si hautagaitza bateratuko zerrendaburuak "profil egokia" du. Romevak baztertu egin du proposamena: "Une honetan, ez dago mahai gainean".

Mas hautagai, baina CUPek Romeva proposatu du

2:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPek Raul Romeva Junts Pel Si hautagaitza bateratuko zerrendaburua proposatu du Kataluniako Presidentetzarako, ezkerreko alderdiaren bi diputatuk Kataluniako hedabideetan eskainitako elkarrizketa banatan iragarri dutenez. Romevak berak, ordea, errotik baztertu du aukera. "Une honetan, ez dago mahai gainean", adierazi du.

Mahai gainean dagoen hautagaitza bakarrari, Artur Masenari, betoa jarri dio alderdi antikapitalistak, eta, hori dela eta, inbestidura blokeatuta gera ez dadin, beste hautagai hori proposatu du CUPek.

Iragarpena Bernat Salellas eta Albert Bortran CUPeko diputatuek egin dute, Catalunya Radio irrati katean eta TV3 telebista katean, hurrenez hurren.

Salellasek esan duenez, ICVren eurodiputatu ohiak "profil egokia" du Generalitateko presidente izateko. Horren ustez, adostasuna lortzeko ezin da ez beltzik ez zuririk egon, "eta guretzat grisa Raul Romeva da", argudiatu du.

Albert Botranek ere antzeko adierazpenak egin ditu TV3n: "Zeharkakotasuna irudikatzen du, eta oso hautagai ona izan liteke".

"Guk izen hau jarri dugu mahaiaren gainean, eta hala egingo dugu astearte honetan ere. Junts Pel Si ados ez badago, bere teilatuan dago pilota, beste hautagai bat proposatu ahal du", esan du Salellasek.

Beste aukera batzuk

Masek eratzeko dagoen gobernuan izan dezakeen paperaz ere mintzatu da Salellas: "Presidentetza ezin da Masen eskuetan egon. Baina Kataluniako Gobernuan egon behar du edo beste aukera batzuk daude? Horren inguruan aritu gara berarekin. Aukera horiek ere badaude", aitortu du.

Masen atzoko hitzaldia "xantaia onartezina" izan zen, CUPen diputatuaren ustez. Jarduneko presidenteak ohartarazi zuenez, "inbestidura barik, prozesua ez atzera ez aurrera geratuko da".

Gogor erantzun die hitzoi Salellasek: "Prozesu subiranoa herritarrona da, ez politikari batena. Ez dugu Pujol berri bat nahi; ez dira nahasi behar herria eta pertsonak".

Romeva: "Une honetan, ez dago mahai gainean"

Generalitateko Presidentetzarako hautagai izango ote den galdetu diote, hain justu, Junts Pel Siren zerrendaburuari. Errotik baztertu du aukera hori. "Une honetan, ez dago mahai gainean", adierazi du.

Telecinco telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Artur Masen hautagaitzara mugatzeko eskaera egin du Romevak: "Masek astelehenean egindako proposamena aztertu behar dugu gaur: gaur hori egitea dagokigu", azaldu du. "Une honetan, inork ez du inolako zalantzarik, denok dakigu nor den Junts Pel Siren hautagaia", gaineratu du.

Mas ezinbestekoa ote den itaunduta, ezetz erantzun du Romevak: "Prozesu honek ezaugarri jakin bat du, zeharkakotasuna".

Horrela, prozesua Masi mugatzea akatsa da, Junts Pel Siren zerrendaburuaren iritzian, baina baita hura bazter uztea ere. Izan ere, "gizarte honen zati garrantzitsu, adierazgarri eta berezi bat Masekin identifikatzen da", erantsi du, eta, hori dela eta, ezin da jarduneko presidentea baztertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia