Politika -

Memoriaren Eguna

Sakabanaketaren biktimak ere gogoan hartzeko eskatu du Etxeratek

EH Bilduko legebiltzarkideak lagun zituztela egindako elkarretaratzean salatu dutenez, Legebiltzarreko ekitaldiak "bazter utzi ditu biktima batzuk".

Elkarretaratze isila ekitaldi ofiziala baino lehen egin dute Etxerateko kideek. EiTB
Elkarretaratze isila ekitaldi ofiziala baino lehen egin dute Etxerateko kideek. EiTB
Sakabanaketaren biktimak gogoan hartzeko eskatu du Etxeratek

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak elkarretaratze isila egin du astearte honetan Eusko Legebiltzarraren aurrean, sakabanaketak eragin dituen 16 biktimak gogoan hartzeko. Kontzentrazioa Memoriaren Egunean egin du Etxeratek, Legebiltzarrean PPk eta UPyDk ez beste gainerako alderdiek babestu duten ekitaldia egin baino ordu erdi lehenago, hain zuzen.

Kazetarien aurrean irakurritako agirian, Legebiltzarrean egin behar duten ekitaldian "hutsunea" egongo dela salatu du Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramaileak. Ekitaldi horretan, terrorismoaren biktimak eta poliziaren gehiegikeriek eraildakoak hartu dituzte gogoan, ontzi batean sua piztu ondoren.

"Su horrek bizitza batzuk beste batzuen gainetik daudela adierazten du, eta hori ankerra da. Su horrek betiko iluntasunean utzi nahi ditu betiko dispertsioaren errepideetan galdu ziren 16 bizitza", deitoratu du Errazkinek.

Euskal Herritik kanpoko kartzeletan dauden presoak bisitatzera joan eta errepidean hildako 16 lagun horiek "iluntasunean" ez geratzeko deia egin du, horrenbestez, Etxeratek. "Memoriaren Eguna deritzon honetan, zergatik memoria batzuetan eta amnesia besteentzat? Ekitaldi horrek oraingoz ez du inongo ekarpenik egiten bizikidetzarako bidean", erantsi du.

Etxeraten elkarretaratzean, EH Bilduko legebiltzarkide guztiek hartu dute parte, eta hildako lagunen senitartekoei krabelin zuriak eta arrosak eman dizkiete, babesa erakusteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak