Politika -

Katalunia

Akordiorako proposamena egin dio Junts pel Sik CUPi

Hala ere, CUPeko militanteek proposamenari babesa eman beharko diote abenduaren 27ko batzar nagusian, Gironan. CUPeko diputatuek ez dute iritzirik emango bertan.

Antonio Baños CUPeko bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Antonio Baños CUPeko bozeramailea. Artxiboko irudia: EFE
Katalunian aurreakordioa lortu dute Junts pel Sik eta CUPek

1:15

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hilabeteko negoziazioen ondoren, Junts pel Sik "akordiorako proposamena" egin dio CUPi. Dena den, CUPeko militanteek akordioari babesa eman beharko diote abenduaren 27ko batzar nagusian, Gironan.

Romevak azpimarratu duenez, Junts pel Siren azken proposamenean ere Artur Mas da Generalitaterako presidentegaia. Ildo horretan, adierazi du Kataluniako errepublikara bidean "prozesu eratzailea" egitea jasotzen duela dokumentuak, beti ere, "segurtasun juridikoa" bermatuta. Gainera, proposamen horretan pobreziari eta etxegabetzeei aurre egiteko egitasmoa ere adostu dute bi alderdiek.

Junts pel Siko diputatuak agerraldia egin du eguerdian, koalizioaren izenean negoziazioetan parte hartu duten pertsonak alboan zituela. Romevak azpimarratu duenez, ez litzateke presidente bat izendatuko presidentzia bat baizik. Dena den, aitortu du legearen ikuspuntutik begiratuta, ez litzatekeela aldaketarik izango eta Kataluniako Parlamentuak presidente bakarra aukeratuko lukeela.

Hala ere, Romevaren hitzetan Mas ez litzateke gobernu "autonomikoko" presidente izango trantsiziozko gobernu bateko burua baizik; izan ere, Masek eta beste hiru pertsonek -ziur aski Raül Romeva, Oriol Junqueras eta Neus Munté- osatuko lukete presidentzia.

Gizarte larrialdiei aurre egiteko egitasmoari dagokionez, Romevak esan du 270 milioi euroko aurrekontua adostu dutela, besteak beste, haur pobreziari eta pobrezia energetikoari aurre egiteko eta etxegabetzeak eragozteko.

Romevak azaldu duenez, proposamenean ez dute zehaztu inbestidura saioan CUPek zenbat boto emango lituzkeen Masen alde. Mas presidente izendatzeko ezinbestekoa da, gutxienez, CUPek aldeko bi boto eta zortzi abstentzio ematea.

CUPeko diputatuek ez dute botoa bideratuko

Bestalde, CUPeko diputatuek astearte honetan iragarri dutenez, ez dute JxSren proposamenaren bozketan botoa bideratuko ezta horren inguruko iritzirik emango ere igandean egin behar duten Batzar Nagusian, ''Junts pel Síren dokumentu'' baita aurkeztutako.

Albert Botran CUPeko diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, parlamentariak ''bitartekariak'' baino ez dira, eta ez dute ez baloraziorik egingo ezta botorik emango ere.

Negoziazioak

Hauteskunde orokorretako gauean, Masi babesik eman behar ez ziola berretsi zuen CUPek, baina CDCk eta ERCk babesa eman zioten berriro astelehenean.

Astelehenean eta asteartean bi taldeen arteko bilerak areagotu dira Kataluniako Ganberan, negoziazioan aurrera egiteko. Akordioa lortzeko epea urtarrilaren 10ean agortzen da; bestela hauteskundeak deitu beharko dituzte berriz.

Abenduaren 22an negoziazioen muinera heltzea eskatu zuen CUPek duela egun batzuk, ituna batzar nagusiko bozketara eraman baino lehen.

Balorazioak

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du espero duela Katalunian legegintzaldi "emankorra" izatea eta katalanen eskariei eta aginduei erantzutea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Alderdi politikoak albisteak Artur Mas albisteak CUP gaur