Politika -

Noos auzia

Gonzalo Bernal: 'Jaume Matas presidentearen aginduak ziren beti'

Illesport Fundazioko zuzendari ohiak argitu duenez, gaiak ez zituen “sekula” Matasekin zuzenean jorratu, baina Ballesterren eta Linaresen aginduak Exekutiboko buruzagiarenak ziren.

Gonzalo Bernal Illesport Fundazioko zuzendari ohia. Argazkia: EFE
Gonzalo Bernal Illesport Fundazioko zuzendari ohia. Argazkia: EFE
Gonzalo Bernal Illesport Fundazioko zuzendari ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balear Uharteetako Gobernuak Noos kontratatzeko prozesuan “aginduak beti Jaume Matas presidentearenak” zirela ziurtatu du gaur Gonzalo Bernal Illesport Fundazioko zuzendari ohiak.

Bernalek Noos auzia epaitzen ari den epaitegiaren aurrean inputatu gisa deklaratu du gaur, Palmako Auzitegian. Illesport Fundazioko zuzendari ohiak argitu duenez, gaiak ez zituen “sekula” Matasekin zuzenean jorratu, baina Jose Luis Ballester Kirol zuzendari nagusiaren eta Dulce Linares kabineteko buruzagiaren aginduak Exekutiboko buruzagiarenak ziren.

Ana Lamas fiskalaren eta Virginia Lopez Negrete Manos Limpiaseko abokatuaren galderak erantzun ditu Bernalek. Banesto txirrindularitza taldearen babesle jarraipena egiteko bulegoa eta kirol eta turismo bi foroak antolatzeko bi hitzarmenak “hitzezko kontratu” batekin esleitu zituztela esan du goi-kargudun ohiak, Iñaki Urdangarinek biak proposatu zituelako.

Matasekin harreman zuzenik ez zuela adierazi du Bernalek, baina Ballesterren eta Linaresen aginduak presidentearenak bakarrik izan zitezkeela erantsi du; izan ere, zuzendari nagusiaren eta kabineteko buruzagiaren gasturako ahalmena gainditzen zuten (guztira, 2,5 milioi euro).

Txirrindularitza taldeko babesle bulegoa martxan jartzeko kontratazioa (300.000 euro) ohiko erara egiterik izan ez zegoela ziurtatu du Bernalek. Bestela kontratazio irregularra izango litzatekeela azaldu du. Urdangarinek Balear Uharteetako Gobernuari proposatutako babeslea inposaturik zegoela gaineratu du.

Lehiaketa publikorik gabe

Urdangarinen eta Diego Torresen erakundeak turismo eta kirol foroak 2005ean eta 2006an antolatzeko lankidetza hitzarmenei dagokionez, zerbitzuen prestazio bat denez lehiaketa publiko bat deitzea edo bi diru-laguntza ematea egokiena zela onartu du Bernalek.

Gainera, Illesportek ez zituen Noosen fakturak egiaztatu eta Illes Balears Forumeko gastuak ordaintzera mugatu zen: 1,2 eta 1,1 milioi euro.

Bestalde, Manuel Gonzalez Peetersek, Diego Torresen abokatuak, Bernali “txirrindularitza taldea Balear Uharteetara nola heldu zen?” galdera errepikatu dionean goizeko anekdota gertatu da. Babesle kontratuari edo taldeari erreferentzia egiten ari ote zen galdetu dio akusatuak, eta abokatuak “taldeari” erantzun dio. “Hegazkinean”, esan du Bernalek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Noos auzia