Politika -

Inbestidura

Ciudadanosekin 'akordioak' laster lortzea espero du PSOEk

Bi alderdietako negoziazio taldeak berriro bilduko dira gaur, azken egunetako bileretan egindako lana partekatzeko.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez idazkari nagusi sozialistaren inbestidurari begira, datozen egunetan Ciudadanosekin akordioak lortzea espero du PSOEk, elkarrizketan “aurrerapausoak” eman dituztelako, Ferrazeko iturriek jakitera eman dutenez.

Hala, bi alderdietako negoziazio taldeak berriro bilduko dira gaur, azken egunetako bileretan egindako lana partekatzeko.

Albert Riveraren alderdiak “aurrerapauso” horiek baieztatu ditu, baina ez du inbestiduraz hitz egin. Sanchezek eta Riverak aurreneko bilera egin ondoren, bi alderdietako negoziazio taldeek “denbora oso ondo aprobetxatu” eta “gogor lan” egin dutela ziurtatu zuen atzo Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko bozeramaileak.

Sozialisten idazkari nagusiak Rivera goraipatu zuen. ERCko eta DLko bozeramaileekin bildu ondoren, Ciudadanosen eta Riveraren “jarrera” eskertu zuen Sanchezek prentsaurrekoan.

“Negoziatzeko, Espainiak bizi duen egoera politikoa konpontzen saiatzeko eta gobernu bat osatzeko borondatea eskertu behar diot Riverari, espainiarrek hori nahi eta behar dutelako”, adierazi zuen.

Era berean, Sanchezek IU-Unidad Popular, Compromis, EAJ, Nueva Canaria eta Coalicion Canariari eskerrak eman zizkien, orain arte agertutako “jarreragatik”. Iturri sozialistek azaldu dutenez, “aurrera egiten jarraitu eta guztiekin akordioak” lortzea espero dute.

Akordio bat sinatzeko bada bilduko da soilik Iglesiasekin

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarekin biltzeko prest dagoela ziurtatu zuen atzo PSOEko idazkari nagusiak, baina soilik “akordio bat sinatzeko” bada egingo duela ohartarazi zuen. Horretarako, “prentsaurrekoen bitartez negoziatu” ordez, hitz egiteko eskatu zion Sanchezek Iglesiasi.

Bi buruzagien arteko bilera bat, koalizio gobernua onartzea, Katalunian erreferenduma eta Ciudadanosekin itun bat lortzeari uko egitea baldintza bezala jarri zituen Iglesiasek PSOErekin negoziatzeko.

“Iglesiasekin batera argazki bat atera eta ikusi nahi dut? Poz-pozik egingo nuke, baina akordio bat sinatzeko biltzea gustatuko litzaidake, eta horretarako lehenengo negoziatu eta lan egin behar dugu. Argazkiak amaieran”, esan zuen Sanchezek prentsaurrekoan, Kongresuan.

Podemosen agiria aztertzeko agindua eman dio Sanchezek negoziazio batzorde sozialistari. “Proposamena orraztuta egun batzuk barru” Podemosi berriro itzuliko diotela azaldu zuen PSOEko buruzagiak, “Iglesiasen alderdiak bai ala ez erabakitzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSOE Pedro Sánchez argazkiak Ciudadanos