Politika -

Presoak

Gaixo dauden presoak askatzea eskatu dute EH Bildu eta EAJko alkateek

Donostiako, Errenteriako, Gasteizko eta Iruñeko alkateek eskutitz bat sinatu dute, larriki gaixorik dauden edo 70 urtetik gora dituzten presoak askatzea eskatzeko.

Gaixo dauden presoak askatzea eskatu dute EH Bildu eta EAJko alkateek

1:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako lau alkatek eskutitz bat izenpetu dute gaixotasun larriak dituzten edo 70 urteak beteak dituzten presoak askatzea eskatzeko.

Hauek dira "Askatasuna kenduta duten gaixo larriei giza eskubideak bermatzearen alde" izeneko eskutitza sinatu duten alkateak: Joseba Asiron, Eneko Goia, Julen Mendoza eta Gorka Urtaran, hurrenez hurren, Iruñeko, Donostiako, Errenteriako eta Gasteizko alkateak.

Sinatzaileek lau arrazoi aipatu dituzte eskari hori egiteko. Lehenik, pertsonen duintasunarekiko errespetua, baita preso dauden pertsonena ere. "Gaixotasun larria eta sendaezina duen pertsona bat kartzelan mantentzeak gaixotasuna tratatzeko beharrezkoak diren baldintzarik gabe, pertsona horren duintasunari eraso egiten dio", nabarmendu dute.

Bigarrenik, zigor krudelak ezartzearen eta horiek betetzeko gauzatu daitezkeen horien kontra agertu dira. Sinatzaileen esanetan, gaixotasun larria dutenak preso izateak duintasunaren errespetuaren printzipioa urratzea eta pertsona horri zigor bikoitza ezartzea dakar.

Hirugarrenik, egoera horietan legeak ezartzen duena bete behar dela aldarrikatu dute. Azaldu dutenez, kasu horietan ez da legea betetzen ari, Zuzenbide arrazoiak ez diren beste batzuengatik.

Laugarren eta azken arrazoi gisa adierazi dute gaixotasun larri eta sendaezina duten presoak kartzelan mantentzeak gizarteratze printzipioa urratzen duela. "Ez du zentzurik gizarteratzera bideratzea kartzelatik agonizatu eta hiltzeko atera behar lukeenari", nabarmendu dute.

Bestalde, hiritarren segurtasuna arriskuan zegoela esanaz Estatuak mahai gainean jarritako arrazoiak desagertu egin direla nabarmendu dute. Halaber, euskal gizartean bakea eta bizikidetza eraikitzen lagunduko lukeela uste dute.

Azkenik, giza eskubideak babestearen eta demokrazia, bakea eta elkarbizitza egoera berria eraikitzearen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Donostiako informazioa Iruñea gaur Eneko Goia bideoak Gorka Urtaran bideoak Presoak albisteak EH Bildu Nafarroa Joseba Asiron Gasteiz Errenteria argazkiak Gaurko azken ordukoa