Politika -

NOOS AUZIA

Barbera: 'Samaranchek aholkatu zidan Urdangarinengana jotzea'

Valentziako alkate ohiak Noos auziko epaiketan esan duenez, Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren zuzendari izandakoak aholkatu zion Urdangarinekin biltzea, hirian kirol-ekitaldiak antolatzeko.

Rita Barbera, gaur, Noos auziko epaiketan.
Rita Barberák Urdangarinekin elkartu zela onartu du

1:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rita Barbera Valentziako alkatea izandakoak Noos auziko epaiketan deklaratu du gaur. Bere hitzetan, Juan Antonio Samaranch Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren zuzendari ohiak aholkatu zion Iñaki Urdangarinengana jotzea, hirian kirol-ekitaldiak antolatzeko.

2003ko azaroan aukeratu zuten Valentzia hiria, Belako Amerika Kopa 2007 ospatzeko. Orduan, Barberaren arabera, Samaranchek esan zion hiriaren irudia nazioartean zabaltzeko komenigarria zela kirol-ekitaldiak antolatzea. Horretarako, Urdangarinen izena proposatu ziola ziurtatu du.

Gomendio horri kasu egin, eta 2004ko urtarrilean Barberak bere bulegoan hartu zituen Cristina infantaren senarra eta haren bazkidea, Diego Torres. Batak eta besteak argi esan omen zioten Noos Institutuak ez zuela irabazi asmorik, eta hori "esanguratsua" iruditu zitzaion Valentziako alkate ohiari.

Barberaren arabera, bilera horretan ez zuten ekitaldien prezioen inguruan hitz egin. 2004, 2005 eta 2006 urteetan hainbat ekimen antolatu zituen Noos Institutuak Valentzian, eta trukean 3,1 milioi euro jaso zituen.

'Ez nuen agindurik eman,  ez nuen ezer sinatu'

Bere deklarazioan, Barberak esan du  Convention Bureau Valentziako Turismo Fundaziora eta Arte eta Zientzien Hiria enpresara jotzeko esan ziola erregearen koinatuari, bere proiektuak azaltzera. Hain justu, bi enpresa publiko horiek ordaindu zizkioten Noos Institutuari 3, 1 milioi euro. "Baina nik ez nuen agindurik eman, ez nuen ezer sinatu, eta ez nion inori ezer aholkatu", ziurtatu du buruzagi popularrak, lekuko gisa eman dituen azalpenetan.

Urdangarinek aurkeztutako planari "interesantea, baina osatu gabea" iritzi ziola ere gaineratu du. "Plana orokorregia zen", esan du.

"Niri sinestea nahiko nuke. Urdangarinekin eta Torresekin nire bulegoan bilera amaitu zen unean, momentu horretan bertan, amaitu zen Valencia Summit ekimenaren inguruko nire kezka", esan du.

"Umiltasun osoz saiatu naiz azalpenak ematen", esan du Barberak, deklarazioaren amaieran. Ia bi orduko agerraldiaren ondoren, Auzitegiaren atarian zain zuen taxi batean alde egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin auzia Berriak Politika Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea