Politika -

Auzitegi Nazionala

Manos Limpiasen eta Ausbancen buruak espetxeratzeko agindu du epaileak

Miguel Berand eta Luis Pineda ostiralean atxilotu zituzten, publizitatearen edo epaitegietan akusazioak erretiratzearen truke mehatxu egitea leporatuta.

Manos Limpiaseko presidentea izango da epailearen aurrean deklaratuko duenetako bat. Argazkia: EFE
Manos Limpiaseko presidentea izango da epailearen aurrean deklaratuko duenetako bat. Argazkia: EFE
Manos Limpiasen eta Ausbancen arduradunak espetxera bidali ditu epaileak

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe eta bermerik gabe espetxera bidali ditu Miguel Bernad eta Luis Pineda Manos Limpias eta Ausbanceko buruzagiak, hurrenez hurren. Ostiralean atxilotu zituzten biak, ustez bankuei estortsioa egiteagatik, auzitegietan haien aurkako helegiteak erretiratzearen truke.

Bernadi estortsioa, mehatxua egitea eta sare kriminaleko kide izatea egotzi diote; Pinedari, aipatu karguez gain, iruzurra eta administrazio desleiala ere leporatu diote.

Beste hiru atxilotuk ere deklaratu dute gaur goizean Auzitegi Nazionalean: Alfonso Gil Sole Ausbanceko diruzainak, Angel Garay Echeverria Ausbanceko presidentearen ondokoak eta Francisco Castro Villacañas Manos Limpiaseko Komunikazio zuzendariak. Hirurak aske utzi dituzte, baina pasaportea kendu diete, Estatutik ateratzeko debekua ezarri diete eta hamabostean epaitegira joan beharko dute.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Miguel Bernard eta Luis Pineda baldintzarik eta bermerik gabe espetxeratzea eskatu du goizean, publizitatearen edo akusazioak bertan behera uztearen truke mehatxu egitea leporatuta.

Daniel Campos fiskalak egin du eskaera hori Santiago Pedraz epailearen aurrean, biei deklarazioa hartu ostean. Gaur goizean igaro dira epailearen aurretik, eta arratsaldean hartu du epaileak biak kartzelatzeko erabakia.

Alfonso Gil Sole Ausbancen diru-zainarentzat, berriz, espetxeratzea eskatu du, baina 10.000 euroko bermearekin saihesteko aukera emanda.

Angel Garay Echeverria Ausbancen presidentearen ondokoa eta Francisco Castro Villacañas Manos Limpiasen Komunikazio zuzendaria ere igaro dira epailearen aurretik, eta hamabost egunean behin epaitegian agertzea eta pasaportea kentzea eskatu du fiskalak.

Moratalazeko polizia-etxetik eraman dituzte bostak Auzitegi Nazionalera, 06:30ean, atxiloaldiaren epea amaitu denean.

Ostiralean atxilotutako gainerako sei lagunak aske gelditu dira asteburuan, Espainiako Poliziaren aurrean deklaratu ostean. Hauek dira aske utzi dituztenak: Maria Teresa Cuadrado Diez, Pinedaren emazte eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko Kontsumo idazkari nagusi izandakoa; Rosa Isabel Aparicio Fernandez, Ausbanceko ekitaldien arduraduna; Jose Marin Rodriguez, Ausbancek Sevillan duen ordezkaria; Hermenegildo Garcia Garcia, Ausbanceko Komunikazio eta Harreman Instituzionalen zuzendaria; Jose Maria Gomez de Leon, Manos Limpiaseko abokatua, eta Ramon Perfecto Rodriguez Martinez.

Bestalde, ostiralean aurkitu ez zituzten beste hiru lagun atxilotu ditu Poliziak, eta hiru lagun horiek datozen egunetan deklaratuko dute epailearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ustelkeria politikoa gaur Albisteak