Politika -

GURE ESKU DAGO

Ia % 30koa izan da behin betiko parte-hartzea herri-galdeketetan

125.332 herritar egon dira parte-hartzera deituta Gure Esku Dago dinamikak antolatutako erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketatan.

Pertsona bat Beasaingo hautesleku batean botoa ematen. Argazkia: EiTB
Pertsona bat Beasaingo hautesleku batean botoa ematen. Argazkia: EiTB
113 mahai jarri dituzte 16 urtetik gorako 125.000 herritarrentzat

1:50

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago dinamikak deituta, erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketak egin dira gaur Euskal Herriko 34 herritan: Goierriko 23 herrietan, Debagoienako zortzitan, Azpeitian, Ispasterren eta Aramaion. Guztira, 16 urtetik gorako 125.332 herritar daude deituta herri galdeketetan parte hartzera.

Hauteslekuak zabalik egon dira 09:00etatik 20:00etara. 113 mahai jarri dituzte eta programa informatikoa erabiliko dute herritar bakoitzak bi aldiz bozkatzen ez duela bermatzeko. Botoa emateko eskubidea izango dute herri galdeketa antolatu duten herrietako biztanle eta 2016ko ekainaren 5ean 16 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiek, beti ere, euren nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatzen badituzte.

Behin arratsaldeko 20:00etan boza emateko epea bukatuta, guztizko parte-hartzea ia % 30ekoa izan da edo, beste era batera esanda, 37.000 lagunek eman dute botoa.

Halaber, behin betiko datuak, berriz, 22:00ak aldera emango dituzte jakitera.

Galderari dagokionez, Goierri eta Ispasterren honakoa da galdera: Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?. Debagoienan, Aramaion eta Azpeitian, berriz, beste hau: Nahi duzu euskal estatu independente bateko herritarra izan?

Anjel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailearen hitzetan, "erabakitzeko eskubidea gauzatzea normala eta logikoa da eta, gainera, normaltasunez, jai giroan eta inolako arazorik gabe egin daiteke". Eguerdian Azpeitian egin dituen adierazpenetan nabarmendu du gaur ez dela ezer amaitu, aitzitik, 2015eko ekainaren 21ean iragarri zuten erabakiaren aroa hasi dela. Ildo horretan, gaineratu du borondatea eta elkarrekin jarduteko gogoa behar direla "gaur 34 herritan posible izan dena bihar 3 milioi biztanleko herri honetan posible izan dadin".

Gure Esku Dago, galdeketak, erabakitzeko eskubidea, Anjel Oiarbide, Azpeitia

Anjel Oiarbide. Argazkia: Gure Esku Dago.

2014an erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketak egin zituzten Arrankudiagan eta Etxarri-Aranatzen. Bestalde, 2017an beste 60 herri baino gehiagotan egingo dituzte galdeketak.

"Erabakiaren tsunamia izatea nahi duguna abiatu dugu gaur"

Goizeko lehen orduan Arrasaten egin duten hasiera ekitaldian Debagoiena eta Goierri eskualdeetako eta Aramaioko, Azpeitiko eta Ispasterko kontsulten talde sustatzaileetako ordezkariak izan dira.

Erain Debagoeinako Lierni Olmedo eta Izaskun Juaristi Ispasterko talde bultzatzaileko kideak adierazpen bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz.

Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketak, ekainak 5, Arrasate, goizeko ekitaldia, Argazkia: Gure Esku Dago

Arrasateko goizeko ekitaldia. Argazkia: @GureEskuDago

Azaldu dutenez, 34 herritan 113 hautesleku zabaldu dituzte. Horrenbestez, "zailena, lan gehien dakarrena", hots, "hautetsontziak plazara, herritarren eskura jartzea" egin dutela azpimarratu dute. Are gehiago, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ezinbesteko "osagai ia bakarra" herritarren borondatea dela aldarrikatu dute.

Behin hautetsontziak kalera aterata, hautetsontziei begira jartzeko unea dela adierazi dute.

Parte-hartzerako deia egiteaz gain, horren garrantzia azpimarratu dute. Ildo horretan, boto guztiak kontatuko dituztela zehaztu dute: baiezkoak, ezezkoak, nuloak eta zuriak.

"Gaur bide bat hasi dugu, udazkenean lehenbizi, 2017ko udaberrian gero, jarraipena izango duen bide berri bat, erabakiaren aroa izatea nahi dugun bide berri bat. Asteburu honetan bertan, eta hurrengoan, bide horri ekiteko urrats garrantzitsua emango dute beste hamaika herritan ere. Olatuz olatu, erabakiaren tsunamia izatea nahi duguna abiatu dugu gaur", azpimarratu dute.

Agerraldia amaitzeko aldarrikatu dute borondatea eta elkarrekin jarduteko gogoa soilik behar direla, "gaur 34 herritan posible izan dena, bihar 3.000.000 biztanleko herri honetan izan dadin".

Ekitaldiak Donostian eta Getxon

Herri galdeketez gain, gaur erabakiaren adierazpena plazaratu dute Getxon, eta Donostian, aldiz, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketa bat egitearen alde dauden ala ez galdetu diete herritarrei kalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku argazkiak Zumarraga bideoak Beasain albisteak