Politika -

Espetxe politika

'Salbuespen legea' legitimatzea egotzi diote preso ohiek Jaurlaritzari

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak presoei espetxe-onuren berri emateko bidalitako gutunari erantzun diote zazpi preso ohik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak presoei espetxe-onuren berri emateko bidalitako gutuna gogor kritikatu dute ETAko zazpi preso ohik, Antton Lopez Ruiz 'Kubati' buru. Horien ustez, onurak jasotzen dituen legea "salbuespenezkoa" da, eta Eusko Jaurlaritza hura legitimatzen ari da horren berri emanez.

Gara egunkarian, iritzi artikulua kaleratu dute zazpi preso ohi hauek: Oihana San Vicente, Juan Mari Gabirondo, Juan Carlos Arruti, Oihana Garmendia, Iñigo Akaiturri, Mertxe Galdos eta Antton Lopez.

Apirilean "informazio" gutun bat helarazi zien Idazkaritzak ETAko presoei, legediak aurreikusten dituen espetxe-onurak baliatzeko modua azaltzeko.

Zazpi preso ohiek idatzian nabarmendu dutenez, Jaurlaritzak aipatutakoek 7/2003 Legeak ezarritako "eskakizun politikoak" dituzte oinarri.

"Gure ustez, onurak jasotzeko eskakizun politikoak egitea salbuespen lege hori legitimatzea da", argudiatu dute.

"EPPK kolektiboari salbuespen lege hori betetzea eskatzeak batzuek berpiztu nahi duten baina hilda dagoen bide batera garamatza. Hilotz bati musu ematea ez da bizia ematea", azaldu dute zazpiek sinatu duten idatzian 'Langraitz bidea'ri erreferentzia eginez.

Lopez Ruizen eta gainerako sei preso ohi horien esanetan, presoek "lege arrunta" erabil dezakete kartzela-onurak eskuratzeko, baina "salbuespeneko legeak onartzea 'Langraitz bidea'n jartzen gaitu, eta EPPK-k eta ezker abertzaleak ez dute bide hori onartzen. Beste aukera bat da gurea".

Presoei eskatzen zaiena "suizidio politikoa" dela uste dute idatziaren sinatzaileek, "ezker abertzalearen buru politikoa eskura jartzea", alegia.

Gutunean azpimarratu dutenez, "normalizazioa eta adiskidetzea helburu, pausoak eman, jarrera eraikitzaileak azaldu eta konpromisozko adierazpenak egin behar direna badakigu, baina hori ezin daiteke emandako eremu ofizialean egin, galtzaileen eta irabazleen logikan oinarrituta baitago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Presoak bideoak Albisteak