Politika -

BBCren erreportajea

Euskal hezkuntza sistema, eredugarria Europan

BBCk euskal hezkuntza sistemaren inguruko erreportaje bat egin du eta, Europako herrialderik onenen artean kokatu du.

X. Casado | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Britainia Handiko BBC hedabide ospetsuak euskal hezkuntza sistema laudatu du eta, Europa osoan jarraitu beharreko eredu gisa deskribatu du asteazken honetan argitaratu duten erreportajean.

Sean Coughian, BBCko kazetariak, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egiten duen inbertsio handia nabarmenduz hasi du erreportajea. “Euskadi estatu baten moduan sailkatuko balitz, Europako hirugarrena izango litzateke ikasle bakoitzeko egiten den gastuan, soilik Danimarkaren eta Austriaren atzetik egongo litzateke”, azpimarratu du kazetari britainiarrak.

Erakundeetatik egindako esfortzu ekonomikoari esker, gaineratu du, Euskadiko populazio aktiboaren % 48ak unibertsitate titulu bat dauka, eta horrek, “Norbegiaren eta Suediaren mailan kokatzen du Euskadi”. Honez gain, lizentziatutakoen erdiak zientzietako, matematikako edo ingeniaritzako tituludunak direla azpimarratu du. Modu berean, ikerketa eta garapenera dedikatzen diren profesionalen kopurua ere eskandinaviar herrialdeen mailan kokatu du.

Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak erreportajean esan duenez, Euskadirentzat “hezkuntza  funtsezkoa” da besteak beste, euskara eta euskal kultura mantentzeko.

BBCren arabera, euskarazko hezkuntza propio bat mantentzeko egin diren esfortzuei esker eta, ikerketa eta garapenean egin diren inbertsioei esker, Euskadik, Espainiarekin konparatuz, gazteen langabezia datu hobeagoak ditu.

Euskadiren irudia atzerrian

BBCren arabera, Euskadik urte luzez irudi txarra izan du atzerrian ETAren biolentziarekin lotzen zelako beti.

Behin garai hau gaindituta, Euskadi lurralde aberatsa dela esan du kazetariak eta halaxe agertu da publikatuta BBCn. Euskadi, biztanle bakoitzeko errentan, Luxenburgok eta Austriak soilik gainditzen dutela azpimarratu nahi izan dute hedabide britainiarretik.

Gillermo Dorronsoro, Deustuko Unibertsitateko Negozio Eskolako dekanoak erreportajean esan duenaren arabera, hezkuntzan bikaintasuna lortzeko funtsezko ezaugarriak ditu Euskadik. Besteak beste, eskolen, familien eta politikoen aldetik “komunitate konpromisoa” dagoela esan du.

Dorronsororen arabera, “gaur egun daukagun hezkuntza sistema ez bagenuen izan, bizitzeko toki txarragoa izango litzateke Euskadi”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Eguneko albisteak