Politika -

E26-ko emaitzak

Beldurrari egotzi dio Podemosek hauteskunde orokorretako boto galera

Bestalde, Iñigo Errejonek esan du Podemosen baitan ez dagoela zatiketarik eta ez du zalantzan jarri IUrekin egindako hautagaitza bateratua.

Iñigo Errejon eta Pablo Iglesias bileraren aurretik. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon eta Pablo Iglesias bileraren aurretik. Argazkia: EFE
Iñigo Errejon eta Pablo Iglesias bileraren aurretik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemosek, haren bilguneek eta Izquierda Unidak bilera egin dute ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan izandako emaitzak aztertzeko. Pablo Iglesiasen ustez, Podemos Gobernura heltzeko eta aldaketa gauzatzeko beldurragatik galdu dituzte milioi bat boto.

Argudio hori izan da nagusi gaurko bileran. Pablo Iglesias gain, Pablo Echenique eta Iñigo Errejon ere izan dira batzarrean, besteak beste. Izquierda Unidatik zuzendaritza berriko kideak egon dira, Alberto Garzon salbu; Parisen da, Europako Ezkerreko Alderdiaren bileran.

Batzarra amaituta, Elkarrekin Ahal Dugu osatzen duten alderdiek oharra zabaldu dute, “beldurraren kanpainak boto kontserbadorea” mobilizatu duela nabarmenduz.

Horrez gain, “hautagaitza bateratua eta gure kanpaina ez dira erabakigarriak izan; herritarrek begi onez ikusi dute gure hautagaitza, baina beste aukera batzuen alde egitea erabaki dute”, erantsi dute.

Pablo Iglesiasen iritzian, herritarrek “berriari beldurra” diotelako galdu dituzte botoak. Podemosek hauteskundeak irabazi eta gobernatu lezakeela ikustean, “gure alde ez bozkatzea erabaki dute”.

“Boto-emaile horiek erabakigarriak izan dira hauteskundeetan gertatu dena ulertzeko. Begi onez ikusten gaituzte, politika espainiarrari eman diogun astindua eskertzen dute, inkesta-egileei guri bozkatuko digutela esaten diete, baina gobernatu egin dezakegula konturatu direnean, guri ez bozkatzea erabaki dute”, azaldu du.

Errejon: “Denok bat eginda gaude”

Bestalde, Iñigo Errejon Podemosen Politika idazkariak ukatu egin du bere alderdiaren baitan zatiketa dagoela hauteskunde orokorretan Elkarrekin Ahal Duguk izandako emaitza txarren ondorioz eta ez du zalantzan jarri Izquierda Unidarekin egin duten hautagaitza bateratua.

Bileraren ostean, Errejonek zurrumurru guztiak isilarazi nahi izan ditu: “Eztabaida irekiak egiten jarraituko dugu, eztabaidatzeak ez du esan nahi zatiketa dagoela. Zintzotasunez eztabaidatzen dugu, baina denok bat eginda gaude”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Pablo Iglesias albisteak Eguneko albisteak Podemos Euskadiko Podemos-eko albisteak