Politika -

Biktimen legea

Legea beraiek kontuan izan gabe egitea salatu dute Poliziaren biktimek

Hala ere, Eusko Legebiltzarrean onartze bidean dagoen legez kanpoko errepresioaren biktimen legea pauso positiboa dela uste dute.

Polizia gehiegikerien biktimek legez kanpoko errepresioaren biktimen legea hizpide izan dute. EiTB
Polizia gehiegikerien biktimek legez kanpoko errepresioaren biktimen legea hizpide izan dute. EiTB
Legez Kanpoko Errepresioaren Biktimen Legea, aztergai Donostian

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia gehiegikerien biktimek gaur Donostian salatu dutenez, ez dute beren iritzia kontuan hartu legez kanpoko kontraterrorismoek 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra arte Euskadin eragindako biktimen legea egiterakoan. Dena den, legea txalotu dute eta urrats positiboa dela uste dute.

Egiari Zor elkarteak deituta, lege horren barruan sartzen diren biktimek eztabaida foro bat egin dute gaur Donostian eta parte-hartzaileek komunikatu bat irakurri dute. Donostiako hitzorduan parte hartu dutenetako batzuk dira Martxoak 3, TAT, Goldatu eta Etxerat elkarteak, Elena Bartolome Josu Muguruza zenaren alarguna edota GALek 1985ean hildako Xabier Galdeanoren Carmen alaba.

Biktima horiek ohar batean azaldu dutenez, azken aldian biktimen aitortza egiteko hamaika ekimen izan dira hainbat erakunderen aldetik. "Pauso txikiak" direla eta biktima guztien artetik "batzuk" soilik aitortzen dituztela zehaztu badute ere, "pauso positiboa" dela uste dute.

Gai horretan aurrerapausoak izan direla aipatu ondoren, legez kanpoko errepresioaren biktimen legea urrats positiboa dela uste dute. Ildo horretan, legearen garrantzia azpimarratu dute, "orain arte argitara atera ez den hori aterako duelako".

Halaber, dekretua beharrean legea izatea hobetsi dute, horien esanetan, horrek biktimei legearen babesa emango dielako eta orain arte egon ei den diskriminazioa "hautsi" egingo delako.

Bestalde, legea beraren izena kritikatu dute legez kanpoko errepresioa terminoa "oso abstraktua" delako eta biktimarioa zein den argi uzten ez duelako. Are gehiago, estatu espainiarraren biktimak direla eta aitortu beharreko lehendabiziko kontua hori dela nabarmendu dute.

Azkenik, beste biktima batzuek dituzten eskubide eta kalte ordain "berak" eskatu dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Polizia indarkeriaren kasuak