Politika -

EAE-ko hauteskundeak

Zabalak 'pertsona eta proiektu politiko guztien herria' eraiki nahi du

Podemos Euskadiren zuzendaritzak Lehendakaritzarako proposatutako hautagaiak esan du ez duela inor bota nahi.

Martinez, Zabala eta Alba, gaur. Argazkia: EiTB
Martinez, Zabala eta Alba, gaur.
Zabalak pertsona guztiak kontuan hartuko dituen herria nahi du

1:32

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pili Zabala Podemos Euskadiren zuzendaritzak Lehendakaritzarako proposatutako hautagaia publikoki aurkeztu dute gaur. "Pertsona eta proiektu politiko guztiek" lekua izango duten herri bat nahi duela eta ez duela inor kanporatu nahi esan du aurkezpen ekitaldian.

Joxi Zabala GALek 1983an hildakoaren arrebak agerraldia egin du Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusiarekin eta Lander Martinez Antolakuntza idazkariarekin batera.

Lehendakarigai izateko lehian sartu aurretik, Zabalak esan du "ohorea" dela Podemos Euskadiren zuzendaritzak "ardura handi" horretarako proposatu izana. Lan horretarako prest dagoela azpimarratu du; izan ere, Joxi Zabalaren arreba izateaz gain, beste eremu batzuetan ere lan egin duela eta alderdi morearen proiektua defendatzeko gai izango dela esan du.

"Pertsona guztiak dira bakarrak, beharrezkoak eta ordezkaezinak, eta argi dago ez natorrela inor kanporatzera", adierazi du Zabalak, baina politikak "gizarte zibiletik" datorren jendea eta ikuspegi "femeninoa" emango diona behar duela gaineratu du.

Pili Zabalak ukatu egin du bere hautagaitzarekin Podemos Euskadik ezker abertzaleari botoak kendu edo EAJ Jaurlaritzatik kanporatu nahi izana. Aitzitik, elkarrizketarako mezua berretsi, eta bere proiektua ez dela inoren kontrakoa azpimarratu du.

Zabalak erantsi du badakiela zer erronka duen aurrean, eta Nagua Alba (txikitatik ezagutzen dute elkar, familia lotura baitute) Podemos Euskadiko buruak "politikara jauzi egiteko proposamena" egin zionean bere bizimoduan egin beharreko aldaketak ondo neurtuta onartu zuela azaldu du.

Proiektua

Desberdintasunekin amaituko duen eta lanpostuak "kolokan" jartzea galaraziko duen proiektua "ilusioz" eta "eroso dauden pertsona guztiekin" defendatuko duela esan du Zabalak.

Zabalak badaki bere irudia giza eskubideekin eta elkarbizitzarekin bakarrik lotzen dela, baina enpresari gisa egin duen lana (24 urterekin ireki zuen odontologia klinika), 12 urtez irakasle izan dela eta Osakidetzako langile ere izan dela azpimarratu du.

"Enpresa pribatua eta publikoa ongi ezagutzen ditut", nabarmendu du Zabalak, eta "buruan proiektu eta ideia ugari" dituela gaineratu.

EAEn "aldaketa sozialaren unea" bizi dutela uste du Podemos Euskadiren ordezkariak, eta aldaketa hori alderdi morearen proiektu "anitz, sendo eta barneratzailearen eskutik" iritsiko dela. Horretarako, giza eskubideak eta eskubide politiko eta sozialak "blindatzea" sustatuko duela hitzeman du.

Elkarbizitza proiektua ere bultzatuko du, bere esanetan, "guztiok bihotzean ditugun" zauriak ixteko. "Inor ahaztuko ez duen proiektu bat, eta kontuan ez hartzea zer den badakidalako esaten dut", adierazi du.

Pablo Iglesiasek Felipe Gonzalezen iragana "karearekin zikinduta" dagoela esan zuela-eta, hori zer iruditzen zaion galdetu diote Zabalari, eta horren inguruan nahiago duela ez hitz egin erantzun du, "min" egiten diolako.

Alba

Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusiak azaldu du Pili Zabalak bilatzen ari ziren profila duela guztiz, "emakumea, independentea eta esperientziaduna" baita.

Zabalak "oso modu koherentean" betetzen du "Podemos Euskadik azken hileotan egin duen ibilbidea", euskal herritarrei "elkarbizitza proiektua" eskaintzearena, gaineratu du Albak.

Lehendakarigai izateko, baina, hauteskunde primarioak gainditu beharko ditu Zabalak. Uztailaren 29tik 31ra izango dira, eta Jose Luis Uria medikua izango du aurkari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hauteskundeak Euskadin 2024 Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak