Politika -

Gobernu osaketa

PPk eta Ciudadanosek inbestidurarako akordioa lortu dute

Bi alderdietako Kongresuko bozeramaileek eguerdian sinatu dute akordioa Espainiako Diputatuen Kongresuan. Rajoyk eta Sanchezek bilera egingo dute astelehenean, 13:00etan, Kongresuan.

Mariano Rajoy eta Albert Rivera Gobernua osatzeko egindako bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Albert Rivera Gobernua osatzeko egindako bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Albert Rivera Gobernua osatzeko egindako bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek inbestidurarako akordioa itxi dute eta gaur eguerdian sinatudute ituna Espainiako Diputatuen Kongresuan bi alderdiek Kongresuan dituzten bozeramaileek, Rafael Hernandok (PP) eta Juan Carlos Girautak (Ciudadanos). Aurrez, 12:30ean, Mariano Rajoy PPko buruzagi eta jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak eta Albert Rivera Ciudadanoseko burua beren negoziazio taldeekin elkartu dira bi alderdien arteko ituna berresteko. Sinadura ekitaldiaren ondoren Mariano Rajoy eta Albert Rivera kazetarien aurrera agertuko dira.

Behin akordioa lortuta, Ciudadanoseko 32 diputatuek Mariano Rajoyren aldeko botoa emango dute abuztuaren 30ean hasiko den inbestidura saioan; alabaina, hautagai 'popularrak' ez du oraingoz babes nahikorik presidente aukeratua izateko.

Mariano Rajoy jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak bilera egin zuten atzo arratsaldean akordiorako azken oztopoak gainditu eta inbestidurari begira abiatutako negoziazioei azken bultzada emateko.

PPk eta Ciudadanosek adostatutako neurriak

Diru-sarrera txikiak dituztenentzako soldata-osagarri bat sortzea, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzea, lan-kontratu motak hirura murriztea eta zerga amnistiagatik galdu zen dirua (2.800 milioi euro) berreskuratzea adostu dute PPk eta Ciudadanosek. Horiek dira bi alderdietako talde negoziatzaileek adostu dituzten ehun neurri inguruetako batzuk. Horiez gain, alkatea zuzeneko hautapen sistemaz aukeratzea, hainbat erakunderen gastuak murriztea (probintzietako diputazioetako barne). Dena den, probintziak ez dituzte kenduko Ciudadanosek eskatu bezala.

2012ko zerga amnistiaren harira Ogasunak jasotzeari utzi zion dirua berreskuratzea eskatzen zuen Ciudadanosek eta 'popularrek' onartu egin ei dute eskari hori. Ciudadanoseko iturrien arabera, 2.800 milioi euro berreskuratzeko bidea zabalduko da.

Alderdi laranjak gizarte alorreko neurriak defendatu ditu eta, ildo horretan, krisi ekonomikoaren aurretik osasungintzan, hezkuntzan eta dependentzian egiten zen gastu mailara eskatu du. Antza denez, printzipioen gaineko akordioa lortu dute, baina behin betiko formula aztertzen eta orrazten ari dira.

Soldata osagarriei dagokienez, errentaren gaineko zerga negatiboa sortzea aztertzen ari dira, baina oraindik ez ei dute erabat itxita formulazioa.

Halaber, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzea adostu dute. Dena den, ez dute erabat itxi hori nola egingo duten; izan ere, negoziazioko iturrien arabera, horrek kostu bat izango du.

Lan-kontratu moten inguruan ere ados jarri dira eta aurrerantzean hiru izango dira: aldi baterako edo epe jakin baterako kontratua, kontratu mugagabea eta formazio kontratua.

Bestalde, udal hauteskundeen erreformaren gainean ere adostasuna erdietsi dute. Horrenbestez, alkatea zuzenean aukeratuko da. Ciudadanosek bi hautetsontzi jartzea proposatu du: bat alkatea aukeratzeko eta bigarrena, berriz, gainerako udal ordezkariak aukeratzeko.

Hala ere, Ciudadanosek egindako eskari guztiek ez dute 'popularren' onespena izan eta, adibidez, ez dira ados jarri Senatuaren erreforma egiteko, Diputazioak ezabatzeko edota kargu publikoen aforamenduan aldaketak egiteko.

Rajoy eta Sanchez Kongresuan elkartuko dira astelehenean

Mariano Rajoy PPko buruzagi eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bilera egingo dute astelehenean, 13:00etan, Espainiako Diputatuen Kongresuan, bi alderdietako iturriek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Rajoy berriak Espainiako hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Ciudadanos Gaurko azken orduko albistea Albert Rivera bideoak