Politika -

A9ko galdeketa

Mas 10 urtez inhabilitatzea eskatu du Fiskaltzak

Riga eta Ortega kontseilariak 9 urtez inhabilitatzea eskatu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak beren-beregi debekatu zuen arren, 2014ko azaroaren 9ko galdeketari eusteagatik Kataluniako orduko agintarientzat eskatutako zigorraren berri eman du gaur Fiskaltzak. Horren arabera, Artur Mas presidente ohiarentzat 10 urtean kargu publikoan aritzeko debekua eskatu du Ministerio Publikoak, eta bederatzi urtekoa Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari izandakoentzat.

Kalifikazio idatzian jasotzen denez, ustezko desobedientzia larria eta prebarikazio delituak egotzi dizkie Fiskaltzak hiru politikari katalanei: Masi, egile gisa, eta bi kontseilari ohiei, ezinbesteko laguntzaile gisa.

Auzitegiak banaka auzipetu nahi izatekotan, alternatiba eskaini du Fiskaltzak: bederatzi urte eta erdiko inhabilitazioa eta 36.000 euroko isuna Masentzat, eta zortzi urteko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna Ortegarentzat eta Rigaurentzat.

Urtebeteko instrukzioaren ondotik, Mas, Rigau eta Ortega epaitzea erabaki zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak, desobedientzia eta prebarikazio delituak egotzita. Fiskaltzak egotzitako beste delitu bat, bidegabeko eragiltzea (kartzela zigorra dakar), ez leporatzea erabaki zuen epaileak.

Fiskaltzaren esanetan, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatzeko erabakiaren aurrean "erabateko desafioa eginez" jardun zuten hiru akusatuek, Auzitegiak emandako aginduak "urratzen" ari zirela jakinda.

Masek "bere borondatea arau bihurtu zuen, modu zentzugabean", eta, beste bi auzipetuekin batera, "A9ko kontsulta antolatzeko jarduera publiko guztiei eutsi zien".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Berriak Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken orduko albistea Artur Mas bideoak