Politika -

PSOE

PSOEko batzorde kudeatzaileak dio abstentzioa ez dela Rajoy babestea

Javier Fernandezek esan du indarrean dagoela Batzorde Federalaren ezetza eta txarrena hirugarren hauteskundeak direla. Pedro Sanchezek, bestalde, iragarri du ez duela Kongresuko eserlekua utziko.

PSEk uko egin dio PSOEko batzorde kudeatzailean parte hartzeari

1:11

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Fernandez PSOEko batzorde kudeatzailearen presidenteak astelehen honetan argitu du oraindik indarrean dagoela Alderdi Sozialistaren Batzorde Federalak Mariano Rajoyren inbestiduraren harira ebatzitako ezetza, baina, esan du abstentzioren alde egitea eta Rajoy babestea ez direla "gauza berdina". "Aukeratatik txarrena hirugarren hauteskundeak dira", gaineratu du, Pedro Sanchezek PSOEko buru gisa dimisioa eman ostean.

Ferrazen prentsaurrekoa eskaini du Fernandezek, eta adierazi du Batzorde Federalak erabakiko duela zein jarrera izango duen PSOEk Rajoyk inbestidura berri bati ekingo balio. Argitu du oraingoz indarrean dagoela Rajoyri ezezkoa emate erabakia, baina gaineratu du abstentzioa ez litzatekeela babesa ematearen berdina.

"Egiten duguna egiten dugula, argi dago PSOEk arazo bat duela", esan du, eta adierazi du batzordeak oraindik ez diola heldu gobernagarritasunaren auziari.

Hori bai, argi utzi du aukeren artean ez dagoela 85 diputatu sozialistei boto askatasuna ematea, PSCk hala eskatu arren.

Rajoyren deia

Bestalde, batzordearen buruak Mariano Rajoyren deia jaso du, protokoloari jarraituta, eta biek adostu dute alderdien arteko komunikazioari eustea.

Pedro Sanchezek ez du eserlekua utziko

Bestalde, Pedro Sanchezek gaur bertan esan du ez duela Kongresuko eserlekua utziko, eta militanteen garrantzia azpimarratu du, Twitterren igorritako mezuen bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi Sozialista Alderdi politikoak albisteak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak