Politika -

Kataluniako Justizia Auzitegia

Masen, Ortegaren eta Rigauren kontrako ahozko epaiketa ireki dute

Ostegun honetan kaleratutako autoak, baina, baztertu egin du diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik epaitzea eta, beraz, baztertuta geratzen dira espetxe-zigorrak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Artur Masen, Joana Ortegaren eta Irene Rigauren kontrako ahozko epaiketa irekitzeko autoa kaleratu du ostegun honetan. Zehazki, desobedientzia eta prebarikazio delituengatik epaituko dituzte. Epaileak, baina, baztertu egin du hirurak diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik epaitzea eta, beraz, baztertuta geratzen dira espetxe-zigorrak.

Jose Francisco Valls auzia ikertzen duen epaileak bi politikariak epaitzeko agindua eman du auto horretan, kargu publikoak egindako desobedientzia larria eta administrazio-prebarikazioa egotzita.

Hala, Masek egile gisa egin beharko dio aurre delituari eta 10 urte arteko inhabilitazioa eskatu dezake fiskalak; Rigau eta Ortega, berriz, beharrezko laguntzaile delituari, eta 9 urteko inhabilitazioari.

Herri akusazioak hala eskatzen baldin bazuen ere, epaileak baztertu egin du diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ere hirurak auzipetzea eta, beraz, baztertu egiten dira espetxe-zigorrak. Izan ere, epaileak argudiatzen du aurrekontu partidak eta kontratazioak egin ziren unean oraindik ez zegoela indarrean Auzitegi Konstituzionalaren suspentsioa.

Oraindik ez dago epaiketa egiteko datarik. Orain 10 eguneko epea dute defentsek onarpen edo defentsa idatziak aurkezteko, eta helegitea jarri dezakete diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaren inguruan epaileak hartutako erabakiaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Albisteak Artur Mas argazkiak