Politika -

MADRIL

Bi ebazpen bozkatu ditu Batzorde Federalak

Rajoyren inbestidura saioan ezetz bozkatzearen aldekoa da ebazpen bat, eta bigarren bozketan abstenitzearen aldekoa bestea.

Rajoyri ezetz bozkatzearen aldekoen protestak, Ferrazen atarian. EFE.
Susana Diazen aurkako oihuak, euskal sozialisten harreran

1:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jardunean dagoen Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidura saioan abstenitu ala ez. Eta abstenitzea erabakiz gero, horretarako zer formula erabili. Hori da 10:30etatik bilduta dagoen PSOEren Batzorde Federalak mahai gainean duen eztabaidagaia.

Aurreikusita baino ordubete beranduago abiatu da sozialisten organo gorenaren bilkura. Gai ordenari jarraituz, Batzordearen Mahaia aukeratu dute lehendabizi, talde horrek zuzenduko baitu gaurko bilera, Ferrazen.

Gestio-batzordearen proposamena lehendabiziko kolpean onartu dute, eta Jose Blanco izendatu dute Mahaiko presidente. Carmen Madrid izango da presidenteordea eta Mariola Lopez idazkaria.

Mahaikideak erabakita, eztabaida politikoa abiatu dute. Iturri sozialistek baieztatu dutenez, Javier Fernandez gestio batzordeko presidenteak ez du hitzaldirik emango batzarrari hasiera emateko. Fernandezek azken egunotan adierazi duenez, bere lana ez da Batzorde Federalari proposamen bat egitea, eztabaida bideratzea baizik. Halere, Espainia hirugarren hauteskunde orokorretara bideratzea litzakeela aukerarik okerrena esan du behin baino gehiagotan.

Rajoyren inbestidura ahalbidetuko lukeen abstentzioa babestuko dutela uste da, eta hori ez da ia zalantzan jartzen. Abstentzio hori egikaritzeko erabiliko duten formulan dago gakoa, aukeratutako bidearen arabera asko aldatuko baita sozialisten jokalekua, alderdiaren kanpoan eta barruan.

Besteak beste, Francina Armengol Baleareseko presidenteak "ezezko" jarrera berretsi du, koherentzia politikoa argudiatuta. Era berean, hiritarrei eta Gaztela eta Leon, Murtzia, Kantabria, Euskadi, Madril, Galizia, Nafarroa eta Errioxako ordezkariei koherentzia zor zaiela esan du, baita Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiari ere. Azken honek aditzera eman duenez, ordezkari kataluniarrek "ez" bozkatuko dute, edozein kasutan.

Andaluzia, Asturias, Extremadura, Kanariak eta Aragoiko erkidegoetako zuzendaritzek, ostera, garbi egingo dute abstentzioaren alde. Gaztela-Mantxako ordezkaritzak, berriz, abstentzioa erabakiz gero, 11 diputatuk soilik baietz bozkatzea proposatu du, nahikoa baita Rajoy presidente egiteko. Hala eta guztiz ere, Ferrazen ez dute aukera hori onartu, ezta Susana Diaz Andaluziako presidenteak ere. Bestalde, Ximo Puig Valentziako presidenteak ez du zehaztu zer erabaki duen.

Bi ebazpen

Batzorde Federaleko kideek bi ebazpen bozkatuko dituzte igande goiz honetan egiten ari diren bilkuran; Rajoyri ezetz esatearen aldekoa bat, eta bigarren bozketan abstenitzea defendatzen duena bestea. Hiru ordu iraungo du eztabaidak baina, eta erabaki ostean ere, jarraitu ahal izango dute hizketan.

Iturri sozialisten esanetan, 14:00etan bozkatuko dituzte bi dokumentuak, eztabaida amaitu ez arren. Elena Valenciano eurodiputatuak aurkeztu du lehena, jarrera aldaketa eskatuz; bigarrena, berriz, Txarli Prieto euskal diputatuak jarri du mahai gainean, Rajoyren balizko inbestidura bati ezetz esaten jarraitzearen alde.

Bileran parte hartzeko eskubidea duten 219 sozialistek hartuko dute ebazpenen inguruko erabakia, baita Batzorde Federaleko kideek ere. Ferrazen erabakia babestu dute, horretarako eskubidea dutela berretsi baitute txosten juridiko baten bidez.

Guztira, 54 pertsonak eskatu dute hitz egiteko txanda; hortaz, litekeena da eztabaida 14:00etan ez amaitzea, nahiz eta ordu horretan bozkatu. Zuzendaritzaren asmoa hiru orduz eztabaidan aritzea da, eta bozkatu ondoren ere, hitz egiten jarraitzea.

Gestio batzordearekin ados ez dauden zenbait buruzagik zuzendaritzaren metodoak kritikatu dituzte. Izan ere, Sanchezen aldeko kiderik ez duen Batzorde Federalaren Mahai "uniformea" sortzeaz gain, "eztabaida mugatu" nahi izatea egotzi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista Rajoy albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Pedro Sánchez bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak