Politika -

EPAIKETA

Zubiaurre eta haren txofer ohia absolbitu egin ditu epaileak

SPRIko goi kargudunei espiatu izanagatik, intimitatearen kontrako delitua leporatzen zieten biei, baina epaileak ebazpenean jaso duenez, delitu hori ez zegoen indarrean gertakariak izan zirenean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antton Zubiaurre Sprilurreko zuzendari nagusia izandakoa eta haren txofer ohia, Iñaki Urrutxua, absolbitu egin ditu Bilboko 5. Zigor Arloko epaitegiak. PSE-EE Eusko Jaurlaritza zuzentzen zegoen garaian, orduko SPRIko zuzendari ohiaren posta elektronikoan sartu eta espioitza informatikoa egitea leporatzen zieten bi auzipetuei.

Urriaren 24an hasi zen epaiketa, eta Zubiaurrek berak onartu zuen espioitza informatikoa egin zuela. Hori dela eta, akusazioak intimitatearen kontrako delitua leporatzen zien, baina epaileak ebatzi duenez, epaitu diren gertakariak izan zirenean, delitu hori ez zegoen indarrean.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak Zigor Kodearen 197.3 artikulua hartu zuten aintzat, intimitatearen kontrako delitua leporatzeko akusatuei. Ebazpenean zehazten denez baina, artikulu hori hainbat aldiz aldatu dute.

Hala, epailearen arabera, epaitzen ari diren gertakariak 2009ko urriaren 15ean gertatu ziren. Aipatzen den artikulua, berriz, 2010eko martxoaren 28an sartu zen indarrean.

Argudio hori oinarri hartuta, epaileak ebatzi du bi akusatuei leporatzen zitzaien delitua ez zegoela indarrean espioitza izan zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea