Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Altsasuko beste gazte bat kartzelatu du Auzitegi Nazionalak

Hain zuzen ere, astelehenean atxilotu ez zuten eta epailearenera borondatez joan zen bi pertsonetako bat espetxeratu dute; bestea aske geratu da. Zazpi dira, beraz, orain arte espetxeratutakoak.

Auzitegi Nazionalak Altsasuko zazpi gazte kartzelatu ditu guztira

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Camen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Altsasuko (Nafarroa) beste gazte bat kartzelatu du gaur, guardia zibil batzuei erasotzea egotzita.

Hain zuzen ere, astelehenean atxilotu ez zuten eta epailearenera borondatez joan zen bi pertsonetako baten aurka eskatu du espetxeratze agindua. Beste gaztea aske utzi dute.

Astelehenean, Carmen Lamela epaileak zortzi atxilotuetako sei kartzelatu zituen. Beste biak aske geratu ziren.

Ezagutze-erronda

Bestalde, Altsasuko erasoarekin lotuta auzipetutako gazteak 11:00ak aldera heldu dira Auzitegi Nazionalera, ezagutze-erronda batean parte hartzeko. Preso daudenak eta aske geratu zirenak, denak deitu ditu Camen Lamela epaileak. Altsasutik bertara joandako herritarrek txaloka hartu dituzte gazteak. Iturri judizialek baieztatu dutenez,  erasoa pairatu zuten bi guardia zibilek eta haien bikotekideek egin dute erronda, erasoan parte hartu zutenak identifikatzeko.

Halako kasuetan egin ohi den bezala, Polizia Nazionalak hainbat pertsona, gertatutakorekin zerikusirik ez dutenak, eraman ditu errondara, eta defentsak ere gauza bera egin du.

Lamela epaileak jakinarazi duenez, guardia zibilei eta haien bikotekideei gaur hartu die deklarazioa, eta baita, oraindik deklaratu ez duten bi auzipetuei ere. Azken horiek euren kabuz aurkeztutakoak dira.

Auzitegi Nazionalaren atarian berrogei bat lagun bildu dira, auzipetuen lagunak eta senideak, eta bertan egon dira, harik eta erronda amaitu den arte.

Bertara joan dira, baita ere, Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matute EH Bilduko diputatuak Kongresuan. Matutek esan duenez, "neurrigabea" da gertatzen ari dena, eta guzti honen atzean "interes politikoa" dagoela esan du.

Barkos Altsasuko alkatearekin bildu da

Bestalde, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea Javier Ollo Altsasuko alkatearekin bildu da, eta biek azken asteotan gertatutakoa aztertu dute.

Uneoro harremanetan egon badira ere, Barkosek Altsasura joan nahi izan du, “Altsasuko herritarrei Nafarroako Gobernuaren elkartasuna eta babesa helarazteko, gertatutakoak kalte handia egin dielako”.

“Altsasuren irudi negatiboa eta injustua zabaldu da, herri anitza eta tolerantea denean”, deitoratu du Barkosek.

Batzarrean, datozen hilabeteotan abian jarri beharreko proiektuak aztertu dituzte eta Altsasuren irudi ona berreskuratzeko neurriak hartu beharko dituztela ere ondorioztatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea