Politika -

Eusko Jaurlaritza berria

Bingen Zupiria izango da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

Pedro Azpiazu, Beatriz Artolazabal, Bigen Zupiria, Maria Jesus Carmen San Jose, Alfredo Retortillo eta Iñaki Arriola dira Eusko Jaurlaritzako sailburu berriak.

Bingen Zupiriaren artxiboko argazkia. EITB
Bingen Zupiriaren artxiboko argazkia. EITB
Eusko Jaurlaritza berriak hamaika sail izango ditu

1:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren eta PSE-EEren koalizioko Eusko Jaurlaritza berriak 11 departamentu izango ditu, aurreko legegintzaldikoak baino hiru gehiago; jeltzaleek zortzi departamentu zuzenduko dituzte eta sozialistek hiru.

Iñigo Urkullu goizean aukeratu dute lehendakari, inbestidura saioaren bigarren bozketan, gehiengo sinplearekin, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideen botoei esker. Horren ondotik jakinarazi dituzte sailburu berriak nortzuk izango diren.

Ricardo Gatzagaetxebarriak, Ana Oregik eta Angel Toñak kargua utziko dute.

Eusko Jaurlaritza berriak sei sailburu gizonezko eta bost emakumezko izango ditu. Aurreko Gobernuan bezala, Urkulluk ez du lehendakariorderik izendatu.

 

Eusko Jaurlaritza berria

- Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: Josu Erkoreka

Josu Erkoreka pertsona garrantzitsua da EAJren baitan nahiz Iñigo Urkulluren Gobernuan. Berriro izango da Jaurlaritzaren bozeramailea. Azken lau urteotan agerraldi ugari egin ditu Espainiako Gobernuaren zentralismoa salatzeko.

Bozeramailea izateaz gain, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila zuzenduko ditu.

Iñigo Urkullurentzat autogobernuaren gaiak duen aparteko garrantzia agerian geratzen da, kargu hori Erkorekari emanda. Lehendakariaren asmoa Estatutu berria Legebiltzarrean lantzea da, ondoren Estatuarekin akordio batera heltzeko. Itun hori euskal gizarteak erreferendum batean berrestea proposatzen du, inbestidura saioan iragarri zuen moduan.

- Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak: Arantxa Tapia

Arantxa Tapia da kargua errepikatuko duen sailburuetako bat. Ekonomia suspertzeko eginkizuna izan du azken lau urteotan eta helburu horri eutsi beharko dio aurrerantzean.

Astigarragakoa jaiotzez, Zumaian bizi da. 53 urteko ingeniari gipuzkoarra hasieratik egon da Iñigo Urkulluren Exekutiboan berriro egoteko kinielatan.

- Enplegua eta Politika Sozialak: Beatriz Artolazabal

Beatriz Artolazabalen (EAJ) erronka nagusietako bat Lanbideren erreforma izango da, lan bitartekaritzan jarduera lehenetsita eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin kudeatzea alboratuta.

Artolazabal (Gasteiz, 1970) Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatua da. Arabako Aldundiaren zaintzapeko adingabeen ustezko prostituzio sarearen auzia publiko egin eta bi astera hartuko du kargu berria. Kasua ikerketapean dago oraindik.

- Ingurumena, Lurralde Politika eta Etxebizitza: Iñaki Arriola

Iñaki Arriolak badaki Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburua izatea zer den, Patxi Lopezen agintaldian (2009-2012) kargu hori izan zuelako.

Administrazio publikoa ere ondo ezagutzen du, 15 urtez izan baitzen Eibarren, bere jaioterrian, alkate.

- Ogasuna eta Ekonomia: Pedro Maria Azpiazu

Pedro Maria Azpiazu EAJko diputatua de Madrileko Kongresuan. Azken legegintzaldian bozeramailearen ondokoa ere izan da.

Finantza, zerga eta aurrekontu politikan aditua da. Azpiazu Bilbon jaio zen 1957an. Ekonomia eta Enpresa Zientziatan lizentziaduna (EHU) da; Lurralde eta Hiri Ekonomian espezializatua da.

- Hezkuntza: Cristina Uriarte

Cristina Uriarte beste lau urtez izango da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Bi erronka nagusi izango ditu: Hezkuntza lege berria lantzea eta eleaniztasunaren eredua ikastetxe guztietara eramatea.

Aipatzekoa da legegintzaldi honetan Kultura eta Hizkuntza Politika ez direla Hezkuntza Sailaren baitan egongo.

Uriarteren (Bilbo, 1961) izendapenak harridura eragin zuen duela lau urte, esperientzia politikorik ez zuelako, baina orain azken lau urteotako eskarmentua du gainean.

- Osasuna: Jon Darpon

Jon Darponek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila zuzentzen jarraituko du, aurrekontu handiena duen saila, hain zuzen ere. Bere kudeaketari jarraipena emango dio eta horren erakusgarri da aurreko legealditik 2020rako zenbait egitasmo eta estrategia onartuta dituela.

Darpon (Bilbo, 1959) ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Familia medikuntzan aditua da eta bere ibilbide profesionalean osasun zentro publikoetan eta pribatuetan aritu da.

- Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: Jose Alfredo Retortillo

Alfredo Retortillo irakaslea analista politiko ezagun da, hainbat komunikabideetan sarritan agertu delako.

Zurichen jaio zen 1965ean eta Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, 1988an. Eusko Jaurlaritzaren Ikerkuntza beka batekin bere trebakuntzan jarraitu zuen, 1992 eta 1995 urteen artean. Horrez gain, Zientzia Politikoen doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean.

- Kultura eta Hizkuntza Politika: Bingen Zupiria

Bingen Zupiria Jose Antonio Ardanza lehendakariaren prentsa-arduraduna izan zen, eta Eusko Jaurlaritzara itzuli da ia bi hamarkada geroago, Kultura Saileko arduraduna izateko, euskal telebistako (ETB) zuzendaritzan eta ?Deia? egunkarian izan ostean.

Zupiriak hartuko du Kultura eta Hizkuntza Politikaren kontseilaritza berria. Aurten, Hezkuntza sailetik bereizita egongo da, eta beste sail bat osatuko du.

Bingen Zupiria Gorostidi Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1961ean. Euskal Filologian lizentziatu arren, Deustuko Unibertsitatean (Bizkaia), komunikaziora eta kazetaritzara zuzendu du ibilbide profesionala.

- Segurtasuna: Estefania Beltran de Heredia

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izango da berriro ere. ETAk bere jarduerari amaiera jarri ziola iragarri eta urtebetera iritsi zen sail horretara. Ertzaintzaren berrantolaketa zuzentzen du aro berri honetan. Jarduera horri bermea eman diote berriro aukeratuz, nahiz eta sindikatuen oposizioa izan.

Ordura arte, laborantza-ingeniari honen karrera profesionalki eta politikoki nekazaritzara lotuta egon da, baita Arabari, bere jaioterriari, ere. Izan ere, Arabako Batzar Nagusien prokuradorea izan da 1995 eta 1998 urteen artean, eta Nekazaritza foru diputatu bezala ere jardun du, instituzioa Xabier Agirreren (EAJ) gidaritzapean zela.

Eusko Legebiltzarra ere ezagutu du, aulki bat izan baitzuen 1998 eta 2001 artean, eta 2005 eta 2007 artean. Azken bi hauteskunde autonomikoetan berriro ere legebiltzarkide aukeratu dute Ganberan.

-Lana eta Justizia: Maria Jesus Carmen San Jose Lopez

Maria Jesus Carmen San Jose Lana eta Justizia sailburu berriak sakon ezagutzen du euskal Administrazioa, hainbat sailetan funtzionarioa izan delako. Zuzendaria ere izan da Patxi Lopezekin Gobernu Idazkaritza eta Parlamentuarekin Harremanak sailean. Bertan, pertsona zorrotz eta langilearen fama irabazi zuen.

Etorkizunean izango duen erronketako bat sindikatuekin elkarrizketak berreskuratzea izango da, ELAk eta LABek Elkarrizketa Sozialeko Mahaira ez joatea erabaki ostean. CCOO, UGT eta patronala, aldiz, badaude.

Eragile sozialen arteko distantzia handitu egin da azkenaldian, bereziki Eusko Jaurlaritza, Confebask patronala, UGT eta CCOO negoziazio kolektiboari buruzko akordio batera iritsi ostean. ELAk eta LABek tun hori ?likidatzea? exijitu diote Jaurlaritza berriari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza Albisteak