Politika -

Konstituzionalaren erabakia

Puigdemont: 'Bidaia orriak bere horretan dirau'

Erreferenduma prestatzeko abenduaren 23rako antolatutako bilera bertan behera uztea baztertu du Kataluniako presidenteak.

Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. EFE
Carles Puigdemont. EFE
Generalitateak ez du aldatuko independentziarako bide orria

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurrean, lehengo lepotik du burua Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Hala esan du Auzitegiak 2017rako erreferenduma bertan behera utzi eta biharamunean: "Herriak eta Parlamentuak agindutako bidaia orriak bere horretan dirau".

Generalitateko jauregitik eskainitako prentsaurrekoan aitortu duenez, "ustekaberik" ez du hartu ebazpena ezagutzean, baina "agerian geratu da Estatuko populismo konstituzionala", haren ustez.

Hala, abenduaren 23an erreferenduma prestatzeko iragarritako bilera egin egingo dutela berretsi du. "Katalanek botoa emateko, eztabaidatzeko eta biltzeko eskubidea dugu. Horrenbestez, horixe egingo dugu".

Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak Auzitegian deklaratu beharko du ostiral honetan Kataluniako Ganberan deskonexio prozesuaren inguruko bozketa baimentzeagatik. Deklarazio honen inguruan galdetuta, bihar "erabateko babesa" adieraziko diotela azpimarratu du Puigdemontek. Izan ere, bere ustez, "epaiketa ez da pertsona jakin baten kontrakoa, Kataluniako borondatea ordezkatzen duen erakundearen kontrakoa baizik".

Kataluniako prozesuari babesa, Euskal Herritik

Bien bitartean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek "Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa" babesteko agiria adostu dute gaur. Dokumentuan elkartasuna azaldu diote Kataluniari, Generalitateari eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari.

Hiru alderdiotako bozeramaileek (Joseba Egibar, Maddalen Iriarte eta Lander Martinez) irakurri dute agiria, Legebiltzarrean. Bozeramaileen Batzordeak agiri instituzionala onartzea nahi zuen EH Bilduk, baina PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.

Masen, Rigauren eta Ortegaren kontrako epaiketa

Horrez gain, A9ko galdeketaren harira zabaldutako auzian, Artur Masen, Joana Ortegaren eta Irene Rigauren defentsek idatziak aurkeztu dituzte gaur. Besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen eta Rafael Catala Justizia ministroaren lekukotzak eskatu dituzte.

Masen abokatuak 11 lekuko galdegin ditu, baina Rajoyren eta Catalaren kasuan bakarrik zehaztu du zergatik eskatu dituen: "Prozesu parte hartzailearen harira esandakoen edukiaz eta ondorioez galdetzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Auzitegi Konstituzionala Carles Puigdemont