Politika -

ETA-REN ARMAGABETZEA

Etxean dira jada Luhuson atxilotutako bost lagunak

Michel Berhokoirigoin, Michel Bergougnan, Beatrice Molle, Stephane Etxegarai eta Txetx Etxeberri atzo geratu ziren aske, justiziaren kontrolpean.

Bergouignan eta Berhokoirigoin Baionara heldu dira gaur goizean

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michel Berhokoirigoin laboraria eta Michel Bergougnan enpresaria gaur goizean iritsi dira Baionako tren geltokira. Zain zituzten etxekoak eta lagunak. Beatrice Molle kazetaria eta Stephane Etxegarai Bizi mugimenduko koordinatzailea, berriz, atzo iluntzean iritsi ziren; Mollek autoz egin zuen Parisetik Lapurdirako bidea, eta Etxegarai trenez heldu zen. Bosgarrena, Txetx Etxeberri bideogilea, arratsaldean da iritsi da Baionako geltokira, 19:30 aldera.

Bost auzipetuei elkarrekin harremana izatea galarazi die epaileak, eta, beraz, nor bere aldetik itzuli da Euskal Herrira; Frantziaren eremutik ateratzea eta armak edukitzea ere debekatua dute.

Iritsi berritan, Berhokoirigoin eta Bergougnan "pozik" agertu dira, baina egun "gogorrak" izan direla adierazi dute. "Momentu gogorra izan da, hala ere,  atxiki dugu konfiantza beti. Azkenean, ondo bukatu da", esan du Berhokoirigoinek.

Bergougnanek emazteak Radio Euskadin adierazi duenez, "Luhusokoaren ondoren, egoera aldatu egingo da, ez dago atzera bueltarik". "Epaileak esan du; ez dira terroristak, egoera aldatu nahi duten pertsonak dira", gaineratu du.

Frantziako Auzitegiko epaileak kontrol judizialpean aske utzi zituen atzo ETAren armagabetze prozesuan parte hartzen aritzeagatik Luhuson (Lapurdi) atxilotutako bost lagunak.

Fiskaltzak eskatu bezala, armak eta lehergaiak gordetzea eta garraiatzea leporatzen die epaileak. Era berean, gaizkile taldearekin harremanak izatea egotzi die; ez, ordea, ETAko kide izatea. Ostiralean atxilotu zituzten bostak, Luhuson, Mollen etxebizitzan.

Pertsona ezagunak dira denak Ipar Euskal Herrian, eta preso hartu zituztenetik, babes zabala jaso dute. 'Bakearen artisauak askatu' lelopean, mobilizazio ugari egin dira azken egunotan.

Polizia-operazioa gauzatu aurretik, Berhokoirigoinek, Etxeberrik eta Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidenteak adierazpen bat argitaratu zuten ETAren armategiaren zati bat baliogabetzeko prozesuan parte hartuko zutela jakinaraziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea bideoak Frantzia argazkiak Baionako bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa