Politika -

Espetxe politika

Preso gaixoen kopuruak gora egin duela ohartarazi du Jaiki Hadik

Elkarteak salatu du espetxeetan ez direla osasun irizpideak aplikatzen eta gaitz larriak dituzten presoei "ezkutuko heriotza-zigorra" ezartzen dietela.

Jaiki Hadiko ordezkarien agerraldia. Argazkia: EITB
Jaiki Hadiko ordezkarien agerraldia. Argazkia: EITB
Jaiki Hadiko ordezkarien agerraldia. Argazkia: EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaiki Hadi osasun asistentziarako elkarteak gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko eta isolamendu politika amaitzeko eskatu du.

"Isolamendua tortura mota bat da, kasu gehienetan emakumeek pairatzen dutena", adierazi du Fernando Arburu psikologo eta Jaiki Hadiko koordinatzaileak.

Joan den urteko datuekin alderatuta, "presoen kopuruak behera egin badu ere, gaixorik dauden presoen kopurua eta gaitz horien larritasuna nabarmen hazi da", ohartarazi du.

Igoera horren atzean dauden faktoreak bi direla azaldu Arburuk. Batetik, presoen bataz besteko adinak gora egin izana, eta bestetik, kartzelatan osasun irizpideak ez aplikatzea. "Espetxeetako zuzendarien aginduak medikuen irizpideen gainetik daude", deitoratu du.

Jaiki Hadik zabaldutako datuen arabera, egun gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak 22 dira. Horiek guztiak berehala libre uzteko eskatu du Arburuk, "euren eskubidea delako". "Pertsona horiei ezkutuko heriotza-zigorra aplikatzen ari zaizkie", salatu du.

Horrez gain, isolamendu politikari ere amaiera emateko galdegin du elkarteak. "Erregimen hori onartezina, jasanezina eta krudela da, sufrimendua soilik eragiten duena", adierazi du.

Arantza Zulueta presoaren egoera aipatu du adibide moduan: "2014an sartu zuten espetxean eta ordutik isolamenduan dago, espetxeko funtzionarioak soilik ikusten ditu", kritikatu du Arburuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Presoak albisteak Albisteak