Politika -

PP-ren finantzazio irregularra

Epaileak ez du Cristina Cifuentes ikertuko, Guardia Zibilak eskatu arren

Guardia Zibilaren arabera, Madrilgo Erkidegoko presidenteak arbitrarioki eman zituen Madrilgo Asanbladako kafetegia, sukaldea eta jantokia kudeatzeko kontratuak.

Cristina Cifuentes (PP) Madrilgo Erkidegoko presidentea. Argazkia: EFE
Cristina Cifuentes (PP) Madrilgo Erkidegoko presidentea. Argazkia: EFE
Epaileak ez du Cristina Cifuentes ikertuko, Guardia Zibilak eskatu arren

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidentea ikertzeko eskatu du, funtzionario-eroskeria eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta.

Hala ere, EFE albiste-agentziak iturri juridikoak aipatuta zabaldu duenez, 'Punica auzia' ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak uko egin dio Cifuentes ikertzeari, Madrilgo Alderdi Popularraren legez kanpoko finantzazioan parte hartu zuela esateko frogarik ez dagoela iritzita.

2009an eta 2011n, Madrilgo Asanbladako kafetegia kudeatzeko kontratua esleitu zenean, Cifuentes zen kontratazioen mahaiko presidentea, eta Guardia Zibilak uste du aldez aurretik erabakita zituela aipatu kontratuak.

Berri-agentziek zabaldu dutenez, Guardia Zibilaren txostenak dio esleipen horietan iruzurra egin zela eta horren erantzulea egungo Madrilgo Erkidegoaren presidentea izan zela salatzen du.

Ikerketaren arabera, 2009an eta 2011n, Cantoblanco taldeari (Arturo Fernandez Madrilgo patronalaren presidente ohiaren enpresa) eman zizkioten Madrilgo Asanbladako kafetegia, sukaldea eta jantokia kudeatzeko kontratuak, "adituen komitea osatzen zuten pertsonek hainbat erabaki arbitrarioki hartu ostean".

Garai hartan, Cristina Cifuentes zen adituen batzordeko presidentea, baita kontratazio mahaiko presidentea ere, "eta hori legez kanpokoa da, kontratazio mahaiak beharko lukeen inpartzialtasuna urratzen duelako".

"Balorazioak modu arbitrarioan egiten zituen eta esleipenak balorazio horien arabera hartzen zituen kontratazio mahaiak", erantsi du Guardia Zibilak bere txostenean.

Arestian aipatutako Arturo Fernandezi Alderdi Popularra legez kanpo finantzatu izanagatik auzipetuta dago. Madrilgo Erkidegoko Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Fundazioaren bidez helarazten zion dirua PPri.

Cifuentes Guardia Zibilaren kontra jotzea aztertzen ari da

Bestalde, Cristina Cifuentesek esan du ez duela permitituko inork bere "ohorea zalantzan jartzea" eta Guardia Zibilak leporatu dizkion delituek "inolako oinarri juridikorik ez" dutela azpimarratu du.

Madrilgo Gobernuaren egoitzan agerraldia egin du Cifuentesek, baina ez du kazetarien galderarik onartu.

Guardia Zibilaren kontra auzitegietara jotzea aztertuko duela iragarri du, bere "zintzotasuna kolokan jartzea" onartuko ez duela ohartarazita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Rajoy berriak Ustelkeria politikoa azken albisteak Gaurko azken orduko albistea