Politika -

Batzorde Nazionala

Mendia, PSE-EEren buru izaten jarraitzeko ilusioarekin eta indarrarekin

Unai Ortuzarrek, Mendiari idazkari nagusi izateko lehian aurre egingo dionak, primarioetarako egutegia zabaltzea eskatu dio Batzorde Nazionalari.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, gaur. Argazkia: Efe
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, gaur. Argazkia: Efe
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia, gaur. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du "ilusioa eta indarra" badituela EAEko sozialisten buru izaten jarraitzeko, alderdiko zuzendaritza berritzeko hasi duten prozesuan.

Mendiak adierazpen horiexek egin ditu PSE-EE Bilbon egiten ari den Aparteko Batzorde Nazionalean. Uztailean hasiko dira alderdiko zuzendaritzako kargu berriak aukeratzen idazkari nagusia hautatzeko primarioekin, eta irailean izango da alderdiaren VIII. Kongresua.

Mendiak iragarria zuen lehendik karguan berriro aukeratzeko hautagai izango zela, eta PSE-EEren buruzagitzan daramatzan hiru urteen balantzea egin du Batzorde Nazionalaren irekiera ekitaldian.

Besteak beste, EAJrekin batera eusko jaurlaritzetan, aldundietan eta udaleta sartu izana defendatu du, eta horixe da, hain zuzen ere, Unai Ortuzar Lemoako zinegotzi ohi eta PSE-EEren idazkari nagusi izateko beste hautagaiak gehien kritikatu duena.

Mendiak azaldu duenez, EAJrekin ituna egin izanari esker, "hiru urtetan Euskadiko aurrerakoien eta ezkertiarren erreferente izatea lortu dugu".

Izan ere, idazkari nagusi izatera iritsi zenean "Euskadin ahulduta zegoen alderdia" hartu eta "berrikuntza sakona" egin zutela azpimarratu du.

Aurreratu duenez, idazkari nagusi hautatzen badute "erakundeetako presentzia" baliatuko du "okerren daudenen egoera hobetzeko".

Unai Ortuzarrek denbora gehiago eskatu du

Unai Ortuzarrek ere agerraldia egin du Batzorde Nazionalean, eta primarioetarako egutegia zabaltzea eskatu du, sinadurak lortzeko 10 eguneko epea besterik ez baitago.

Aipatu primarioetarako Batzorde Nazionalak jarritako egutegian ekainaren 19tik 28ra arteko tartea dago sinadurak jaso eta aurkezteko. Informazio kanpaina ekainaren 29tik uztailaren 8ra izango dira, eta bozketak, 9an.

Ortuzarrek PSE-EEren idazkari nagusi izateko hautagai izan nahi duela berretsi du agerraldian, eta gogorarazi du Pedro Sanchezek primarioen eredua aldatzea proposatu duela, "Euskadiko 70 agrupazioetara joateko eta kideei proposamenak azaltzeko".

Horren harira, esan du ez dela "batere demokratikoa" egutegia, "aurrehautagaiek astebete besterik ez dugulako Euskadiko 70 agrupazioekin egoteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea Alderdi politikoak bideoak PSE-EE Eguneko albisteak