Politika -

Kataluniako Erreferenduma

Puigdemont: 'Prozesuaren bukaeratik 112 egunera gaude'

Kataluniako presidenteak gaineratu duenez, 'prozesu horrekin amaitu egiten da politikaren protagonismoa eta herritarren protagonismoaren txanda da'.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak gaur azpimarratu duenaren arabera, "112 egun besterik ez dira gelditzen urrundik datorren prozesu bati bukaera emateko", eta herritarren indarra defendatu du prozesu subiranoa aurrera ateratzeko. Halaber, ohartarazi duenez, politikariak ezgaitu ahal dituzten era berean, "martxan dagoen herri oso bati ezingo diote ezta kilimarik ere egin".

Hala mintzatu da Puigdemont Lloret de Mar herrian, PDeCAT alderdiko Biltzar Nazionalean, Kataluniako erreferenduma urriaren 1ean egingo dela jakinarazi eta egun batera.

Agintari katalanaren esanetan, politikariak "ezgaitu, zigortu, mehatxatu eta kereilatu" egin ditzakete, baina "jendeari errespetu handia zor zaio".

Kataluniako presidenteak gaineratu duenez, "prozesu horrekin amaitu egiten da politikaren protagonismoa eta herritarren protagonismoaren txanda da". Bestalde, erreferendumaren aurka daudenei eskatu die Kataluniako herriari "begietara begiratzeko zintzotasuna" izan dezatela eta ausart daitezela esaten ez duela bere etorkizunaz erabakitzeko eskubiderik.

Puigdemonten iritziz, behin galdeketaren data eta galdera ezagututa, prozesuak aldaketa bat jasan du; izan ere, "orain aginte-makila duena 7,5 milioi katalanak dira", urriaren 1ean "zein herrialde mota nahi duten libreki erabakitzeko botoia sakatuko dutenak".

Era berean, kritikatu egin ditu denbora honetan izandako "lotsagarrikeriak hala nola, Joana Ortegaren, Irene Rigauren, Francesc Homsen eta Artur Masen aurka Estatua antolatzen ari den mendeku ankerra".

Azkenik, Carles Puigdemontek azaldu duenez, "autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izatea zor dio historiak Kataluniari", eta ANC, Òmnium eta AMI elkarteek antolatuta bihar Bartzelonan egingo den erreferendumaren aldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès