Politika -

Gure Esku Dago

Getxon erabakitzeko eskubideaz galdeketa egingo dute azaroaren 5ean

Bizkaiko udalerri horretan 7.448 sinadura bildu dira “Euskal Herrian estatus politikoari buruzko galdeketari” babesa adierazteko.

Getxon estatus politikoaren inguruko galdeketa egingo dute azaroaren 5ean. Argazkia: Gure Esku Dago
Getxon estatus politikoaren inguruko galdeketa egingo dute azaroaren 5ean. Argazkia: Gure Esku Dago
Getxon estatus politikoaren inguruko galdeketa egingo dute azaroaren 5ean. Argazkia: Gure Esku Dago

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko azaroaren 5ean Getxon (Bizkaia) estatus politikoaren inguruko galdeketa egingo dutela iragarri du larunbat honetan Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak.

Hala, Bizkaiko udalerri horretan goizean egindako aurkezpen ekitaldian 200 lagun inguruk hartu dute parte. Herri galdeketa gauzatu aurretik egin beharreko lanaren emaitzaren berri ematea izan da gaurko ekitaldiaren helburu nagusia.

Gure Esku Dagok ohar baten bidez azaldu duenez, irailean Getxoko herritar guztiek parte hartzeko aukera izango duten dinamika bat jarriko dute martxan, galdeketaren galdera zein izango den zehazteko balioko duena.

Arrazoi horregatik, herritarren dinamika horretan “modu demokratikoan, errespetuzkoan eta konprometituan” parte har dezaten eskatu diete antolatzaileek Getxoko eragile guztiei.

Gure Esku Dagok nabarmendu duenez, apirilaz geroztik 7.448 sinadura bildu dira udalerri horretan erabakitzeko eskubidearen alde. Ildo horretatik, sinatzaileek babesa adierazi diote Getxon ere “Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko herri galdeketa egiteari”.

Gauzak horrela, Getxoko biztanleriaren % 11aren babesa lortu dute etorkizun politikoaren inguruan erabakitzeko galdeketa azaroaren 5ean antolatzeko.

Halaber, antolatzaileek nabarmendu dutenez, hurrengo hilabeteetan zehar beste herri batzuk ere data horrekin bat egingo dute galdeketak antolatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Getxo bideoak Bizkaia EAE albisteak Gure Esku gaur Albisteak