Politika -

Katalunia

Parlamentuaren erreformari helegitea jartzea aholkatu du Estatu Kontseiluak

Auzitegi Konstituzionalak araua baliogabetzea erabakiko balu, legeak premia handiz onartzeko beste bide batzuk daudela ziurtatu du Junts pel Sik.

Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak araudia aldatzea onartu eta ordu batzuetara, erreforma horrek Konstituzioa urra lezakeela ebatzi du Espainiako Estatu Kontseiluak. Horrela, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko aholkua eman dio Espainiako Gobernuari, erabaki hori hartzeko arrazoi nahikoak daudela iritzita. Legeak premia handiz onartzeko asmoz onartu zuen Parlamentuak aldaketa hori, eta Junts pel Sik (JxSi) jakinarazi du beste aukera batzuk aztertzen ari direla.

Junts pel Sik eta CUPek bozkatu zuten proposamen horren alde (72 boto), eta gainerako alderdi politikoak kontra agertu ziren (63 boto). Erreforma horren arabera, urgentziazko legeak onartzeko nahikoa izango da irakurketa bakarra egitea, eta, ondorioz, eztabaida bakarra eginda aterako litzateke aurrera.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo bertan eskatu zion Estatu Kontseiluari erreforma hori aztertzea. Ordu batzuk geroago, aho batez ebatzi du Konstituzioaren kontrakoa dela frogatu dezaketen arrazoi nahikoak daudela. Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea aholkatu du.

Zehazki, politikan parte hartzeko berdintasun eskubidea urratzen duela uste du Estatu Kontseiluak. Ondorioz, arau berri horrek Konstituzioaren 23.2 artikulua urra lezakeela ebatzi du.

Bitartean, Xabier Garcia Albiol PPC alderdiko presidenteak Ciudadanosekin batera Konstituzio-babeserako errekurtsoa jarriko duela iragarri du arratsaldean, eta eurekin bat egin dezala eskatu dio PSCri.

Independentziari buruzko galdeketaren kontra dauden talde parlamentarioek ziurtzat eman dute Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utziko duela atzo onartutako erreforma, eta, ondorioz, urriaren 1ean egin nahi duten erreferendumari ateak itxiko dizkiola.

Dena dela, galdeketaren alde dauden alderdiek azpimarratu dute ezerk ez duela martxan jarritako prozesua geldituko, eta araua baliogabetzea erabakitzen badute, legeak premia handiz onartzeko beste bide batzuk daudela esan dute.

Hala, aztertzen ari diren aukera bat honakoa da: azkar onartu nahi duten neurria, lege-proposamena izan beharrean, Parlamentuan Kataluniako Gobernuak egindako lege-proiektu gisa bozkatzea. Ildo horretatik, 135.1 artikulua erabil lezakete irakurraldi bakarrean eta egun berean onartzeko.

Bestalde, Rajoy “elkarrizketarako bidearen alde” agertu da, “murriztu, zatitu eta aurka egin” nahi duten horien aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua bideoak Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès bideoak Espainia albisteak