Politika -

Kataluniako erreferenduma

Moncloak ez duela negoziatzeko gaitasunik erakutsi esan du Puigdemontek

Generalitateko presidenteak zalantzan jarri du Rajoyren Exekutiboak gatazka konpontzeko gai izango ote den erreferendumaren ostean.

Carles Puigdemont, PDeCAT alderdiko gazteek egindako udako eskolan. EFE
Carles Puigdemont, PDeCAT alderdiko gazteek egindako udako eskolan. EFE
Urriaren 1ean referenduma egingo dela berretsi du Puigdemontek

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak "sekulako gaitasun eza" erakutsi du prozesu independentista dela eta Generalitatearekin duen gatazka politikoki konpontzeko, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak larunbatean adierazi zuenez. Horrez gain, zalantzan jarri zuen urriaren 1erako aurreikusitako kontsultaren ostean irtenbidea emateko gai izango ote den.

"Arazoa konpontzeko ez direla gai erakutsi dutenek ez dute gaitasunik izango Kataluniako hiritarrek urriaren 1ean hartutako erabakia behar den bezala kudeatzeko, gaiak eskatzen duen ikuspegia eta Estatu zentzu egokia emanda", defendatu zuen San Esteve de Palautorderan (Bartzelona), PDeCAT alderdiko gazteek antolatutako udako eskolan.

Puigdemonten arabera, emaitza edozein izanda ere, egoera aldatu egingo da, hiritarrek erabakia "subiranotasunez" hartuko dutelako.

Urriaren 1eko erreferendumaren ostean Katalunian normaltasuna berreskuratuko dutela esan zuen Mariano Rajoyk ostiralean. Baieztapen horri ere erantzun zion presidente kataluniarrak: "Urriaren 1eko kontsulta eta gero, Kataluniak ez du arazorik izango, Espainiako politikak baizik".

Era berean, galdeketa egingo dela berretsi zuen, Kataluniako Gobernuak iritziz ez duela aldatuko azpimarratzeaz gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Eguneko albisteak Pere Aragonès albisteak