Politika -

Kantabria

Rafa Diezen aldeko ekitaldia egitea galarazi dute Kantabrian

Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak ekitaldia egitea debekatu du, epeak ez errespetatzea argudiatuta. Horren ordez, LABek deialdi bat egin du Muskizen, eguerdirako.

Hainbat politikarik eta senidek iaz egindako ekitaldi bat. Argazkia: EFE
Hainbat politikarik eta senidek iaz egindako ekitaldi bat. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak Rafa Diez Usabiagaren alde Santoñako El Dueso kartzelaren kanpoaldean bihar 08:00etan egitekoa zen ekitaldia galarazi du.

Gobernuaren Ordezkaritzak Eferi azaldu dioenez, elkarretaratzea horren moduko ekitaldien berri emateko zehaztuta dagoen epea ez errespetatzearren debekatu dute.

Aipatutako iturrien arabera, legeak dio 10 eta 30 egun arteko epearekin jakinarazi behar direla horren moduko ekitaldiak, eta LABen idazkari nagusi ohiaren aldeko ekitaldiaren kasuan, El Duesoko kanpoaldean, sei egunekin egin zutela.

Gainera, Gobernuaren Kantabriako Ordezkaritzak segurtasun arazoak izan litezkeela iritzita hartu du erabakia, Guardia Zibilak egindako txosten batzuetan oinarrituta.

Diez Usabiagaren omenaldiaren antolatzaileek Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuten El Duesoko atarian ekitaldia egiteko eskaria.

Hala, Jaurlaritzak Gobernu espainiarrak EAEn duen Ordezkaritzari igorri zion eta, horrek, Kantabriakoari.

Ekitaldia, Muskizen

Egoera horren aurrean, LABek idatzi bat igorri dio erakunde horri, biharko kontzentrazioa bertan behera utzi duela jakinarazteko, baina sindikatuak ohar batean azaldu du senitartekoak, adiskideak, kideak eta une horretan beraiekin batera egon nahi duen oro zain izango dituela Diezek kartzelako atean, irtetean.

Behin Diez Usabiaga espetxetik at dela, bertaratutakoek Euskadirako bidea hartuko dute, eta geldialdia egingo dute Muskizen, Kantabriako mugaz honaindiko lehen herrian, 11:45ean ekitaldi bat egiteko “adierazpen askatasunaren eta euskal preso guztiak etxeratzearen alde”. Azkenik, Bateragune auziak kondenatutako LABeko buruzagi ohiaren alde Lasarte-Orian 19:30erako antolatutako ekitaldiak bere horretan jarraitzen du.

Ohar batean, LABek salatu du ezin izan duela debekuaren kontrako helegiterik jarri, eta horrek “neurri honen abusua eta babesgabetasuna” areagotzen dituela gehitu du. Sindikatuaren oharrak dioenez, kasu honek agerian uzten du “Espainiako erresumaren izaera antidemokratiko eta libertizida”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua argazkiak Presoak argazkiak Kantabria gaur