Politika -

Erreakzioak

Terrorismoaren aurkako mezu bateratua helarazi dute ordezkari politikoek

"Elkarbizitza baketsuaren alde" egin dute Bartzelonan bildutako agintariek, eta herritarrei eman diete protagonismo osoa.

Agintari politikoak, Bartzelonako manifestazioan. Argazkia: EFE
Agintari politikoak, Bartzelonako manifestazioan. Argazkia: EFE
Agintari politikoak, Bartzelonako manifestazioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan Bartzelona erdigunean bakearen alde eta terrorismoaren kontra egindako manifestazioa "askatasunaren, errespetuaren eta bizitzaren aldarria" izatea espero duela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Urkulluk "elkartasuna eta hurbiltasuna" adierazi die "Bartzelonan, Cambrilsen, Europan eta oro har terrorismo itsuaren biktimak izan diren pertsona guztiei". Era berean, "elkartasuna eta lankidetza" helarazi die "Kataluniako erakundeei eta herriari baita mehatxupean izan daitezken interesguneei".

Maddalen Iriarte eta Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak ere Bartzelonan izan dira arratsaldean. Manifestazioa hasi aurretik, Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak elkartasuna adierazi die "Bartzelonako herriari eta Kataluniari; bere minaren aurrean nazioartean erakutsitako adoreagatik eta intolerantziari, inposizioari eta faxismoari aurre egin diolako".

"Era berean, herri gisara eraiki nahi duenaren aurrean inposizio politikoari aurre egin diolako etengabe eta herri indartsu, libre bat izateko lanean jarraitzen duelako herri justuago bat egiteko bertan bizi diren emakume eta gizonentzat", gaineratu du Iriartek.

BARCELONA MANIFESTACIÓN BARTZELONA MANIFESTAZIOA ABUZTUAK 26 EFE

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta erregea, manifestazioan. Argazkia: EFE

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak nafarren "elkartasuna" adierazi nahi izan die Bartzelona eta Kataluniako eraso terroristetan izandako "biktimei eta haien gertukoei". Era berean, "indarkeria terrorista gaitzetsi" du eta "giza eskubideen errespetua eta desberdinen arteko elkarbizitza oinarri dituen gizarte baketsu baten alde lanean jarraitzeko prest" agertu da.

Beste alde batetik, Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak esan du Bartzelonako kaleetan "indarkeriari ezetz eta bizikidetzari baietz" esan behar zaiola. Sordoren esanetan, "eraso terroristak salatzeko eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko" asmoz hartu du parte manifestazioan. "Gizarte konplexuak gara. Munduaren ikuspuntu desberdina dugun pertsona guztiak elkarrekin bizi beharra dugu, baina, zalantzarik gabe, guztiok bakean bizi nahi dugu", gaineratu du.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak Bartzelonan egindako manifestazioa "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du, eta bakearen aldeko mezu argia zabaldu dela esan du. "Espero dut terroristek argi izatea: Ez gaituzte garaituko", gaineratu du.

Terrorismoaren aurkako martxaren ostean kazetarien aurrean egin ditu adierazpen hauek Puigdemontek. Aurreikusi bezala, jendetza bildu da (milioi erdi pertsona Udaltzaingoaren arabera). "Bartzelonatik, Kataluniatik eta kanpotik" etorritako herritarren parte hartze masiboa eskertu du Kataluniako Generalitateko presidenteak. Halaber, beste autonomia erkidegoetako  presidenteek eta ordezkari politikoek "ez dugu beldurrik" lelopean bat egin dutela gogoratu du.

"Aske bizi nahi dugu, gure seme-alabek desberdin pentsatzen duten pertsonekin bizikidetzan hazteko aukera izan dezaten gizartea eraiki nahi dugu. Iritsi berriak diren pertsona horiekin, elkarbizitzan", azpimarratu du Puigdemontek.

Bartzelonako alkate Ada Colauk, berriz, mezua "oso argia" izan dela ziurtatu du: "Bakearen aldekoa, eta protagonista nagusi batekin: herritarrak". Hala, manifestari batzuk sinbolo desberdinak erakutsi dituzten arren "zilegitzat" hartu ditu guzti horiek.

Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidenteak "guztiok batera terrorismoari aurre" egiteko deia luzatu die herritarrei, eta denen artean sortutako gizarteak ez duela beldurrik ziurtatu du, joan den asteko eraso terroristei aipamen eginez.

Era berean, "Madril Bartzelonarekin" dagoela esan du Manuela Carmena Madrilgo alkateak. "Elkartasunagatik, basakeria horren aurrean protesta egiteko dugun beharragatik eta berriro errepika ez dadin eskatzeko", gaineratu du.

Halaber, "terrorismoaren aurrean demokrata guztiek bat" egitearen alde agertu da Susana Diaz Andaluziako presidentea, eta Bartzelonak ez duela beldurrik azpimarratu du. Hala, "hiltzaileek" ez dutela "gure bizikidetza eredua hautsiko" nabarmendu du.

Agintariak

Manifestazioaren buruan segurtasun indarretako (Esquadra Mossoak, Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta tokiko poliziak) joan dira, eta haiekin batera izan dira larrialdietako zerbitzuak zein beste hainbat gizarte erakundeetako ordezkariak ere, 15 hildako eta 120 zauritu eragin zituzten abuztuaren 17ko atentatuetan protagonismoa izan zutenak, hain zuzen ere.

Atzerago agintari politikoak joan dira. Horien artean izan dira Felipe VI Espainiako erregea, Espainiako eta Kataluniako presidenteak (Mariano Rajoy eta Carles Puigdemont), Ada Colau Bartzelonako alkatea eta autonomia erkidegoetako presidenteak (Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea, tartean).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona argazkiak Espainia albisteak Alderdi politikoak albisteak Jihadismoa hoy Gaurko azken ordukoa Azken ordukoa protestak