Publizitatea
X

Irratia zuzenean

U-1: Guardia Zibilaren operazioa Generalitateko hainbat egoitzaren kontra

Politika

U-1aren kontrako operazioa

Guardia Zibilak 14 kargudun atxilotu eta miaketak egin ditu Generalitatean

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

2017/09/20

Lau kontseilaritzatan sartu dira agenteak, eta, besteak beste, Ekonomia eta Ogasun idazkariak atxilotu dituzte. Puigdemontek salatu duenez, Espainiako Gobernuak "salbuespen egoera ezarri du".

1:21
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Guardia Zibila Generalitateko hainbat egoitzatan sartu da (41miaketa egin ditu) eta 14 pertsona, tartean Gobernuko goi kargudunak, atxilotu ditu, urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren eta Generalitatearen kontrako operazio batean.

Atxilo hartutako goi kargudunen artean Josep Maria Jove eta Lluis Salvado Ekonomia eta Ogasun idazkariak daude. [Kontsultatu: Guardia Zibilak atxilotutako guztien zerrenda]

Gauean, 14 atxilotuetaik hiru aske utzi ditu Guardia Zibilak. Ez deklaratzeko eskubidea baliatu dute, baina epaileak deitzean auzitegiera joan beharko dute.

Josep Maria Jovek 'habeas corpus'a eskatu du Guardia Zibilak atxilotu eta gero, epailearen esku berehala utz zezaten, atxiloketa legearen arabera egin ote duten aztertzeko, bere ustean, ez baita berme guztiekin egin.

Ondoren, 'habeas corpus'aren inguruan ebazpena eman behar zuen epailea ez onartzea eskatu du, U-1en aurkako polizia-operazioa agindu duen epaile bera delako.

41 miaketa egin dituzte, eta Generalitatearen lau egoitzatan sartu dira Guardia Zibilaren agenteak: Presidenteordetza, Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzaren egoitzan, Atzerri Gaietarako Kontseilaritzaren egoitzan, Gobernazio eta Herri Lanen Kontseilaritzaren egoitzan eta Lan eta Gizarte Gaietarako Kontseilaritzaren egoitzan. Lluis Salvado Ogasun idazkariaren bulegoa ere miatu dute.

Operazioa Bartzelonako 13. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak agindu du, erreferenduma egiteko diru publikoa bidegabe erabili ote den argitzeko abiatutako ikerketaren baitan.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, auzia sekretupean dago, eta gutxienez 20 pertsona daude ikerketapean, desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Goizeko operazioan, bestalde, Bigues i Riellseko (Bartzelona)  industria-nabe batean egindako miaketan 9.894.350 boto-paper atzeman dituzte,  Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera.

Atzo, erreferendumean hauteskunde-mahaietan lan egitea egokitu zaien herritarrei bidali beharreko jakinarazpenak konfiskatu zituen atzo Guardia Zibilak, Kataluniako hainbat herritan egindako miaketetan.

Barne Ministerioak azaldu duenez, herritarrei bidaltzeko prest zeuden 45.000 gutun-azal atzeman zituzten. Unipost mezularitza-enpresak Manresan, L’Hospitalet de Llobregaten, Bartzelonan eta Terrassan dituen egoitzetara sartu zen Guardia Zibila, epaileak aginduta.

Azken egunotan, erreferendumaren aldeko kartelak, esku-orriak eta diptikoak atzeman dituzte (1,5 milioi baino gehiago), eta urriaren 1ari buruzko informazioa zabaltzeko abian jarritako web orriak ere itxiarazi dituzte. Atzoko operazioarekin, hauteskunde-egunerako beharrezkoak diren agiriak konfiskatzeari ekin dio Espainiako Gobernuak.

Puigdemont: 'Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernua eten du, de facto'

Egoeraren larriaz, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak gobernuko kideen bilera deitu du Palaun. Bi orduz bilduta egon ondoren, agerraldia egin du Puigdemontek. Salatu duenez, "Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernua eten eta salbuespen-egoera ezarri du, de facto".

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea ere Palaura joan da Puigdemontekin eta Junquerasekin biltzera. Batzarra amaituta, ondokoa esan du: "Egoera oso larria da".

Oriol Junqueras presidenteordearen hitzetan, Estatuak "eraso" egin die Kataluniako erakundeei, eta, beraz, "baita herritarrei ere". "Ez dugu onartuko", erantsi du.

 

Ada Colau Bartzelonako alkateak ere gogor hitz egin du Espainiako Gobernuak erreferenduma galarazteko martxan duen estrategiaren kontra. "Estrategia horretan atzera" egiteko eta Kataluniako erakundeei "autogobernua itzultzeko" eskatu dio Rajoyri. Era berean, Kataluniarekin "elkarrizketa eta negoziazio politikoa" abiarazteko exijitu dio Espainiako presidenteari.

Elkarretaratzea CUPen egoitzaren atarian

Polizia Nazionalak  CUP alderdiak Bartzelonan duen egoitza inguratuta du, 13:30etik, barrura sartzeko epaileak agindua noiz emango.  Bitartean, kanpoan mila lagun baino gehiago batu dira, protesta egiteko.

CUPek jarraitzaileei bertaratzeko deia egin die, eta "modu baketsuan" operazioaren kontrako "erresistentzia" ager dezatela eskatu die.

Milaka pertsona protestan, Bartzelonan

Operazioaren berri izan bezain laster, Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC, katalanez) presidenteak egoitzen aurrean biltzeko eskatu die herritarrei, "erresistentzia modu baketsuan egiteko". Datorren iganderako, berriz, elkarretaratzeak deitu dituzte Kataluniako udalerri guztietan.

 

Dei horri erantzunez, milaka pertsona bildu dira Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean (Rambletako 19. zenbakian). "Votarem" eta "Independencia" oihuak dira nagusi.

GUARDIA CIVIL GENERALITAT GUARDIA ZIBILIA EFE

Herritar ugari bildu dira Generalitatearen egoitzen aurrean. EFE

 

Protestaren une batean, bertan bildutakoetako batzuek boto-kutxa bat eraman eta urriaren 1ean bozkatu egingo dutela berretsi dute:

 

 

Protesta horietako batean bildutakoen artean, Joan Tarda ERCk Kongresuan duen diputatua ere egon da. Erreferendumaren kontrako ekintzon aurrean, pazientzia eta lasaitasuna eskatu die herritarrei: "Indarkeria egotea nahi dute, baina ez da egongo". Ondoan zituen Lluis Llach Junts Pel Siren diputatua, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak eta Ramon Tremosa PDeCATeko eurodiputatua.

"Bidetik ateratzea nahi dute. Irmo ari gara dena egiten, baina gizalegez eta modu baketsuan", esan du Tardak. Horren esanetan, "irabazi egingo dugu, arrazoiaren, arrazoi demokratikoaren, indarra dugulako".

JOAN TARDA GUARDIA ZIBILA GENERALITATEAN EFE

Kongresuan, Espainiako Gobernuaren kontrolerako saioan, ziren ERCko diputatuak atxiloketen berri izan dutenean. Protesta gisa Ganbera utzi dute. Hori baino lehen, Gabriel Rufian ERCko diputatuak honakoa eskatu dio Mariano Rajoyri: "Atera itzazu zure esku zikinak Kataluniatik".

 

Madrilen ere, protesta bilkura deitu dute 25S koordinadorak eta 'Madrildarrak erabakitzeko eskubidearen alde' plataformak, Katalunian goizean izandako  polizia-operazioa salatzeko. 19:30ean da hitzordua, Puerta del Solen.

ERCko, PDeCATeko eta Compromiseko diputatuek elkarretaratze horretan izango direla iragarri dute.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena