Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

Confebaskek ETAren indarkeria jasan zuten enpresariak omenduko ditu gaur

400 lagun baino gehiago gonbidatu dituzte 18:00etan Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldira.

Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren estortsioa eta indarkeria jasan zuten enpresariak omenduko ditu gaur Confebask patronalak, 18:00etan Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldian. 400 lagun baino gehiago gonbidatu dituzte omenaldira, eta, enpresa munduko pertsonez gain, ordezkaritza instituzionala ere izango da bertan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. EH Bildu koalizioa ez dute gonbidatu.

ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri eta sei urtera egingo da omenaldia. Iñigo Urkullu lehendakariak itxiko du ekitaldia, eta Jaurlaritzako sailburu guztiak egongo dira bertan. Jaurlaritzako kideekin batera, hiru ahaldun nagusiak, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko alkateak eta alderdi politikoetako kideak ere joango dira.

Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari orokorrak aurkeztuko du ekitaldia, eta Roberto Larrañaga patronaleko presidenteak, berriz, euskal enpresariak aitortzeko adierazpen bat irakurriko du.

Omenaldiak hiru zati nagusi izango ditu. Lehenengoan, ETAren jarduera armatuak iraun duen urteetan enpresariek bizitakoa laburbilduko duen bideoa proiektatuko da. Bideo horretan, ETAren biktima izan diren enpresarien, Confebaskeko presidente ohien eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronaletako presidenteen testigantzak entzun ahalko dira.

Ekitaldiaren zati nagusian, bigarrenean, ETAk hildako, bahitutako eta mehatxatutako enpresariak omenduko dituzte. Ildo horretan, enpresa munduko hainbat ordezkari igoko dira oholtzara, kolektibo osoaren izenean.

Hirugarren eta azken zatian, berriz, "ilusio eta baikortasun" mezua zabaldu nahi du patronalak orainari eta etorkizunari begira.

ETAk ehun enpresari inguru bahitu eta hil zituen eta beste asko "iraultza zerga" ordaintzera behartu zituzten. ETAk hildako lehen enpresaria Angel Berazadi Sigmako zuzendari gerentea izan zen; 1976ko martxoaren 18an bahitu zuten, eta apirilaren 7an aurkitu zuten haren hilotza Elgoibarren. ETAk hildako azken enpresaburua, ostera, Inaxio Uria izan zen. 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Azpeitian.

EH Bildu ez dute ekitaldira gonbidatu

Confebask patronalak ez du EH Bildu koalizioa gonbidatu ekitaldira, oraindik horretarako momentua ez dela iritzita. Aste honetan bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritikatu egin du patronalaren erabakia.

Otegiren esanetan, bakoitza libre da bere ekitaldi batera nahi dituen pertsonak gonbidatzeko, baina "errespetua" eskatu du. "Oso ondo, gu ez gonbidatzea erabaki duzue, baina, gustatu ala ez, gu gara herri honetako bigarren indarra eta alternatiba", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Confebask bideoak EAE albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Ekonomia Albisteak Enpresen albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur Gaurko titularrak