Politika -

Eusko legebiltzarra

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek espetxe politika jorratzea eskatu dute

Espetxeen gaineko eskumenaren aurrean, bi taldeek eragileekin elkarlanean hastea proposatu dute, bai erakundeekin, baita adituekin ere, kartzeletako egoera sakon ezagutzeko.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek espetxe politika diseinatzen hasteko eskatu diote Eusko legebiltzarrari "gertu egon litekeen kartzelen eskumenen transferentzia gauzatu aurretik".

Hori dela eta, Euskadiko kartzelen egoera ezagutzeko, aldatu beharreko gauzak zehazteko eta beste autonomietan transferentzia nola egin den aztertzeko asmoz, espetxeetan adituak eta erakundeetako arduradunak Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordearen aurrean agertzeko eskatu dute.

Joan den ekainean EH Bilduk eta Podemosek espetxeen inguruko batzorde berezia osatzen saiatu ziren, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten horien proposamena.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek "oztopoa saihestu" nahian, agerraldi sorta eskatu dute Lan eta Justizia Batzordean, "espetxe politika propioa garatzeko" eta presoen "oinarrizko eskubideak babesteko".

Batzorde horretatik "kartzela zigorraren ordezko neurriak hartu eta gazteen eta emakumeen egoerari arreta berezia" jartzen dion proposamena lortu nahi dutela esan dute bi alderdiek.

Hori horrela, kartzela eredu propio baten diseinuarekin zerikusia duten arlo guztiak landuko dituzte, hau da, eskumen arloa, kartzela politika, osasuna, familia, emakumeak eta adingabeak.

Horretarako, besteak beste, hauek deituko dituzte agerraldia egin dezaten: Zaballako kartzelako zuzendaria, espetxe zaintzarako epaileak, kartzela osasunaren arduraduna eta kartzela hezkuntzaren arduraduna, Sidalava (Hiesaren aurkako Arabako Herritarren Batzordea), Gurutze Gorria eta Salhaketa.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra albisteak EAE EH Bildu Araba Podemos Ahal Dugu Euskadi