Politika -

Katalunia

Kataluniako Gobernuak helegiteak aurkeztuko ditu, 155a geldiarazteko

Jordi Turull Presidentziako kontseilariak esan duenez, Konstituzionalak eta Gorenak kontrako epaiak ematen badituzte, Generalitateak ez du baztertzen nazioarteko epaitegietara jotzea.

Turull, Presidentziako kontseilaria, eta Puigdemont, Generalitateko presidentea / EFE.
Turull, Presidentziako kontseilaria, eta Puigdemont, Generalitateko presidentea / EFE.
Turull, Presidentziako kontseilaria, eta Puigdemont, Generalitateko presidentea / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaile eta Presidentzia kontseilariak gaur iragarri duenez, Generalitateak helegite sorta bat aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Gorenaren aurrean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren "mehatxua" geldiarazteko.

Kataluniako Gobernuaren bileraren osteko agerraldian, kontseilariak azaldu du bina helegite aurkeztuko dituztela Auzitegi Konstituzionalean eta Auzitegi Gorenean: Konstituzionalean, eskumen gatazka bat eta babes helegitea; Gorenean, berriz, administrazioarekiko bi helegite Ministroen Kontseiluak adostutakoa baliogabetzeko.

Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako bi helegiteei dagokienez, Kataluniako Gobernuaren esanetan, Espainiako Gobernuak gehiegikeriaz jokatu du 155. artikulua aplikatuta eta horregatik jarriko dute eskumen gatazkari lotutako helegitea. Babes helegiteari dagokionez, ostera, Puigdemontek berak aurkeztuko du sakoneko eta formazko akatsak egon direla iritzita. Izan ere, 155. artikuluaren aplikazioa martxan jarri eta gero deitu dute Senatuan agerraldia egitera eta lehenago egin behar zutela uste dute.

Gorenean jarriko dituzten helegiteen kasuan, lehenengoak, Espainiako Ministroen Kontseiluak adostutakoa baliogabetzea eskatuko du "Konstituzioa gainditzen" duelako; bigarrena, presidenteak, presidenteordeak eta kontseilariek indibidualki jarriko dute 155. artikuluak beraien oinarrizko eskubideak urratzen dituelakoan.

Dena den, Konstituzionalak eta Gorenak kontrako epaiak ematen badituzte, Kataluniako Gobernuak ez du baztertzen nazioarteko epaitegietara jotzea.

Generalitateak ez du uste PPk Puigdemont Senatura joatea nahi duenik

Generalitateko presidenteak, Carles Puigdemontek, Senatura joateko "borondatea" dauka Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa arbuiatzeko, Presidentziako kontseilariak esan duenez. Hala ere, Generalitateak ez du uste PPk Puigdemontek Senatuan hitz egitea nahi duenik.

Kataluniako Gobernuaren bileraren osteko agerraldian, kontseilariak azaldu du proposatutako "ordutegia behin betiko" onartu arte eta "Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkurarekin bateragarri egin dezakeen" jakin arte ezingo duela baieztatu Senatuan izango den.

Hasiera batean, presidentearen agerpena asteazkenean edo ostegun eguerdian izan zitekeela esan zioten Generalitateari, baina "hau guztia aldatu da", Turullen arabera.

Puigdemontek Senatuan alegazioak aurkezteko epea ostegunean 10:00etan bukatuko da, baina arratsalde horretako batzordera edo osteguneko osoko bilkurara arte itxaron beharko du zuzenean, aurrez aurre, defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Puigdemont gaur Kataluniako prozesua zuzenean