Politika -

Kataluniaren independentzia

Puigdemonten aukerak: asilo politikoa eskatzea edo estradizioa geldiaraztea

Bruselara joanda, Belgikako Justiziak auzi honetan esku-hartu behar izatea bultzatu nahi du Puigdemonten defentsak.

Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuan, urriaren 27ko osoko bilkuran. EFE
Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuan, urriaren 27ko osoko bilkuran. EFE
Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuan, urriaren 27ko osoko bilkuran. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidentea eta Espainiako Gobernuak kargugabetutako Generalitateko bost kontseilari Bruselan dira eta astearte honetan agerraldia egingo dute, Kataluniako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez.

Puigdemontekin batera dauden kontseilariak hauek dira: Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria, Antoni Comin Osasun kontseilaria, Joquim Forn Barne kontseilaria, Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilaria eta Meritxell Serret Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilaria.

Bruselara zergatik joan diren ez dute argitu, baina komunikabide batzuen arabera, asilo politikoa eskatzeko asmoz joan dira Bruselara.

Theo Francken Belgikako Migrazio eta Asilo Estatu idazkariak Puigdmontek babesa emateko prest azaldu zen atzo, baina gero Charles Michel lehen ministro belgikarrak aukera hori baztertu zuen.

Ustezko delitu politikoak egitegatik epaitua izateko errekerimendua duen edo jazarria den pertsona bati estatu batek eskaintzen dion babesari esaten asilo politikoa.

Asilo politikoa herrialde baten baitan ematen bada, lurralde asiloaz ari gara. Aldiz, babes hori erakunde diplomatiko baten baitan ematen bada (enbaxada batean, adibidez), asilo diplomatikoaz ari gara.

Nolanahi ere, beste iturri batzuen arabera, Puigdemontek eta haren kontseilariek ez dute asilo politikorik eskatuko. Beren abokatuen estrategiaren ondorioz joan dira Bruselara; izan ere, asaldatze delitua ez da Europar Batasunean estradizioak onartzeko delituen zerrendan aipatzen eta, beraz, ezingo lituzkete berehalakoan Espainiaren esku utzi.

ETBn egindako elkarrizketa batean Elisa Beni kazetariak azaldu duenez, Auzitegi Nazionalak atxilotze agindua ematea eta Belgikako Justiziak auzia ikertu behar izatea behartu nahi dute. Hasteko, Belgikako Zigor Kodea asaldatzea delitua jasota dagoen edo ez aztertu beharko dute, eta ondoren, Puigdemonti eta bost kontseilariei delitu hori leporatzeko zantzurik dagoen ala ez argitu.

Puigdemonten abokatua

Bestalde, Puigdemontek dagoeneko badauka abokatua Belgikan. Paul Bekaert du izena eta giza eskubideetan eta estradizio eta atxilotze aginduetan da aditua.

Bekaert berak baieztatu du astelehen honetan, 15:00ak inguruan, bildu dela Puigdemontekin, baina ez du xehetasun gehiagorik eman, sekretu profesionalaren aipu eginez.

Puigdemontek asilo politikoa eskatzea aztertzen ari den galdetuta, ezer erabakita ez dagoela eta azalpen guztiak Puigdemontek berak astearte honetan emango dituela azpimarratu du.

Oraingoz, baina, inork ez du jakinarazi agerraldi non eta ze ordutan izango den.

Bekaert ezaguna da ETArekin lotutako zenbait euskal herritar defendatu dituelako, haientzako asilo politikoa eskatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Bruselaseko albisteak gaur Kataluniako erreferenduma Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès bideoak