Politika -

KATALUNIA

Santi Vilak PDeCATen hautagai izan nahi du, 'moderazioari hitza emateko'

Generalitateko Enpresa kontseilaria hauteskundeak deitzearen eta aldebakarreko independentzia aldarrikatzearen kontra agertu izan da, eta dimisioa eman zuen ostegunean.

Santi Vila eta Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE
Santi Vila eta Carles Puigdemont. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santi Vila Generalitateko Enpresa eta Ezagutza kontseilari ohiak gaur adierazi duenez, PDeCAT alderdiaren hautagaia izan nahi du Espainiako Gobernuak abenduaren 21erako Katalunian deitu dituen hauteskundeetan "moderazioari hitza emateko". Generalitateko Enpresa kontseilaria hauteskundeak deitzearen eta aldebakarreko independentzia aldarrikatzearen kontra agertu izan da, eta dimisioa eman zuen ostegunean.

Rac1 irratiari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Artur Mas PDeCATeko presidenteari eta Marta Pascal alderdiko koordinatzaile nagusiari bere hautagaitza proposatu die. Horren esanetan, "determinazioa, taldea, ideiak, proiektua eta babesak baditu", eta PDeCAT alderdia berriro ere zentroko jendearentzat tresna erabilgarria izatea du helburu.

Espainiako Gobernuak kargugabetutako Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak gaur Bruselan egingo duen agerraldiaren zain, Puigdemontik ez diola kalterik egin nahi eta, aurkeztu nahiko balu, bere jarrera aldatuko lukeela azpimarratu du.

Vilaren esanetan, ez litzateke "bereziki eroso" sentituko abenduaren 21ean independentziaren aldekoek zerrenda bakarra aurkeztuko balute. Gaineratu duenez, bere asmoa PDeCATen espazio politikoa ernaberritzen saiatzea da, itxuragabetuta geratu delako, bere ustez.

PDeCATeko estatutuen arabera, hautagaia primarioen bitartez aukeratu behar dela azpimarratu du Santi Vilak. Horrez gain, bere balizko programan zuzenbidearekin bat datorren independentzia gehituko duela adierazi du, eta adostutako erreferendum legitimo baten alde egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Berriak Politika Alderdi politikoak Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur