Politika -

Puigdemont Belgikan

Belgikako lehen ministro ordeak Espainia kritikatu du Kataluniako auzian

Espainiak lege nazionalak Giza Eskubideen hitzarmenaren aurretik jarri dituela esan du. Ségolène Royal Frantziako ministro ohiak, berriz, 'Kataluniako Gobernua jasaten ari den jazarpena' kritikatu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jan Jambon Belgikako lehen ministro orde eta Barne Ministerioko arduradun nazionalistak Espainiako Gobernuaren jokabidea kritikatu du, Kataluniako buruzagi independentisten aurka erakutsitako jarreragatik. Haren iritziz, Espainiak lege nazionalak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren eta arau espainiarraren gainetik dauden beste batzuen aurretik jarri ditu prozesuaren kudeaketan.

"Europako estatu batean gertatzen ari da hau, eta alde guztietatik isiltasuna dagoela nabari dut. Europa zeren zain dagoen jakin nahiko nuke. Polonian edo Hungarian gauza bera gertatu izan balitz, bestelako erreakzioak egongo liratekeela deritzot”, azaldu du VTM telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean.

Adierazpen horien aurrean, Esteban Gonzalez Pons PPk Europako Parlamentuan duen bozeramaileak "aurrekari xenofoboak dituen" alderdi bateko kide izatea leporatu dio Belgikako Barne ministroari. Hori kontuan izanik, "Espainiakoa bezalako demokrazia bati ikasgairik ez emateko" eskatu dio.

Horrez gain, Ségolène Royal Frantziako Ekologia ministro ohi eta 2007ko Frantziako hauteskundeetan presidentetzarako hautagai izandakoak "Kataluniako Gobernua jasaten ari den jazarpena" kritikatu du. "Edonork ikus ditzake harriduraz borroka ideologiko bat gidatzeagatik espetxeratu dituztela politikariak", esan du Royalek.

Royalen aburuz, "ongi funtzionatzen ez duen Europa agerian uzten du horrek; izan ere, erakundeek bitartekari lanetan aritu beharko lukete". Dena den, ministro ohia ez dago indepentziaren alde, "Europa mailan bestelako aldarrikapenak eragin baititzake". Hala eta guztiz ere, horren ustez, "ez da onargarria pertsonak kartzelatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika albisteak Belgika argazkiak Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès