Politika -

KATALUNIA

Tapia: 'Kataluniako auziak Euskadi eta Madrilen arteko harremana baldintzatzen du'

Sailburuak ohartarazi duenez, 2018rako EAEko Aurrekontuak onartzea ere zailduko du.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua. Artxiboko argazkia: EiTB
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako errealitateak "Euskadiren eta Madrilen arteko harremana baldintzatzen du" eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2018ko Aurrekontuak onartzea zailduko du, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren esanetan.

Deustuk "Euskal industriaren erronkak 2020" izenburupean Bilbon antolatutako biltzar batean Tapiak adierazi duenez, euskal industria "gastu energetiko" handia ordaintzen ari da oraindik ere, eta horrek eragina du bere lehiakortasunean. Hori dela eta, "diskriminazio egoera sostengaezina" bizi du.

Sailburuaren arabera, EAJk eta PPk Espainiako Aurrekontuak onartzeko akordioa lortu ondoren diskriminazio egoera horiek amaituko zirela uste zuen Eusko Jaurlaritzak. Kataluniako sindikoak salaketa jarri eta gero, Europak esaten duenaren zain dago orain Jaurlaritza. Dena den, Espainiako Energia Ministerioak akordioa gauzatzea eta hitzemandakoa lehenbailehen indarrean sartzea espero du.

Kataluniako egoera ere izan du hizpide Tapiak, eta Espainiako Gobernuaren "jarrera zentralizatzaileak" Euskadiko aurrekontu proiektua onartzeko negoziazio esparruak irekitzea zailtzen duela ohartarazi du.

Kataluniako auzia "euskal bidean ere ari da eragina izaten", azpimarratu du Tapiak; izan ere, Euskadi legeekin "leiala" bada ere, Estatu espainiarraren "nahi zentralizatzailea" sentitzen duela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak