Politika -

Guardia zibilei epaiketa

Portu eta Sarasola torturatu ez zituztela esan dute guardia zibilek

Igor Portu eta Mattin Sarasola ustez torturatzeagatik auzipetutako guardia zibilek argudiatu dutenez, atxiloketaren unean zauritu ziren biak, "indarkeriaz aurre egin gintuztelako".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igor Portu eta Mattin Sarasola ustez torturatzeagatik 15 guardia zibil eseri dira gaur akusatuen aulkian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. ETAko bi kideak torturatu izana ukatu dute guztiek eta Portuk eta Sarasolak jasandako zauriak atxiloketaren unean geratu zirela esan dute, "indarkeriaz aurre egin gintuztelako". Gaur goizean deklaratu dute epailearen aurrean, Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jasan zituzten tratu txarren harira, 15 guardia zibil auzipetuek. Bihar, berriz, Portu eta Sarasolaren txanda izango da. Goizeko 09:30etatik aurrera emango dute euren testigantzaren berri. Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, zantzuak daude lau guardia zibili tortura delituak leporatzeko eta beste seiri lesio delituak egozteko; gainerako bost akusatuen kasuan, berriz, inolako deliturik egin ez zutela iritzi dio. Gauzak horrela, bi auzipeturentzat (sarjentu bat eta kabo bat) hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du; beste birentzat (kabo bat eta guardia bat) bi urteko espetxealdia; eta gainerakoentzat (bi teniente, hiru kabo eta guardia bat), 10 egunetako lokalizazio iraunkorra. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren defentsak (akusazio partikularra) 15 guardia zibilei tortura delituak leporatzea eskatu du, beste delitu eta falta batzuen artean. Horrenbestez, 6 eta 17 urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea galdegingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea