Politika -

PRESOAK

Presoen etxeratzea eskatzeko, martxa jendetsua egin dute Zaballako espetxera

Datorren asteburuan ere hainbat martxa deitu ditu Kalera Kalerak; abenduaren 30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, eta abenduaren 31n Basauriko eta Martuteneko espetxeetara martxak egingo dituzte.

Zaballa, gaur. Argazkia: EiTB.
Zaballa, gaur. Argazkia: EiTB.
Zaballa, gaur. Argazkia: EiTB.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kalera Kalera ekimenak kartzelatara martxak antolatu ditu Gabonetan, eta gaur egin du horietan lehena, presoen auziari irtenbidea exijitzeko. Subijana herritik Zaballako espetxearen atarira martxa jendetsua egin dute goizean, eta "presoek etxekoengandik gertu egoteko eskubidea" dutela nabarmendu dute. "Aurten ere, mahai askotan hutsune nabarmenak izango ditugu", salatu du Kalera Kalerak.

"Bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna nahi dugu Euskal Herriarentzat. Ehunka preso eta erbesteratu dauden bitartean, ehunka amaren begiek, urrun duten seme-alabaren faltagatik malkoak isurtzen dituzten bitartean, ezin izango dugu esan benetako bakea dugunik", esan dute.

Espetxean dauden 305 presoak, Euskal Herritik bataz beste 750 kilometrora egotea "bidegabekeria" da, elkartearen hitzetan. Hori bai, baikor agertu dira hurrengo asteetan Frantziak eman ditzakeen urratsekin.

Euskal Herriko kartzelek euskal presoak jasotzeko nahikoa toki badutela ohartarazi dute Kalera Kalerako kideek. "Gauzapenerako oztopo fisikorik ere ez dago: nahiko leku bada Zaballan eta Euskal Herriko kartzeletan, Landetako Mont-de-Marsan espetxean bezalaxe", esan dute ekimeneko kideek.

Datorren asteburuan ere hainbat martxa deitu dituzte; abenduaren 30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, eta abenduaren 31n Basauriko eta Martuteneko espetxeetara martxak egingo dituzte.

Kalera Kalerak herritarrei dei egin die kalera irteteko eta mobilizatzeko, "benetako bake eta bizikidetzan oinarritutako Euskal Herri baten bidean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak ETA gaur Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Azken ordukoa protestak Espetxe politika