Politika -

Ustezko ustelkeria politikoa

'De Miguel auzia'ren makroepaiketa hasi da

Guztira, 26 pertsona epaituko dituzte, tartean, Alfredo De Miguel Arabako EAJren 'bigarrena' izandakoa, eta Arabako EAJren beste bi kide ohi. Fiskalaren espetxe-zigorra 400 urte baino gehiagokoa da.

Alfredo de Miguel akusatuen aulkian eseriko da bihartik aurrera. Argazkia: EiTB
Alfredo de Miguel akusatuen aulkian eseriko da bihartik aurrera. Argazkia: EiTB
Alfredo de Miguel akusatuen aulkian eseriko da bihartik aurrera. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'De Miguel auzia'ren epaiketa abiatu dute astelehen honetan Arabako Auzitegi Probintzialean, 10:15ean.

Prozesu judizial horretan Arabako EAJren hainbat goi-kargudun ohi auzipetuta daude, ustelkeria politikoa egotzita, tartean, Alfredo De Miguel Arabako EAJren 'bigarrena' izandakoa, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJren kide ohiak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Julian Sanchez Alegria EAEko Parke Teknologikoen Sareko presidente ohia, eta Maria Justina Angulo Zambranako alkate jeltzale izandakoa.

Guztira, 26 lagun epaituko dituzte, eta Fiskalak 400 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra eskatu du, guztienak zenbatuta. Alfredo de Miguel Arabako EAJren ahaldunarentzat, zehazki, Fiskaltzak 54 urteko espetxe-zigorra eskatu du, legez kanpoko komisioak kobratzen zituen sare bateko buru ustez izateagatik.

Urriaren amaieran amaituko da

Aurretiazko gaiak aztertu eta gero, deklarazioak hasiko dira. Dena den, oraindik ez dute zehaztu epaituak hasiko ote diren deklaratzen; izan ere, hainbat abokatuk epaiketaren amaieran egitea eskatu dute.

Jaime Tapiaz gain, Elena Cabero eta Raul Aztiria epaileek osatu dute epaimahaia.

12 pieza

Guztira, 100 saio baino gehiago izango dira, 12 ataletan antolatuta, eta 150 lekukok eta perituk deklaratuko dute. Aurreikusita dagoenez, epaiketa urriaren 25era arte luzatuko da.

Fiskaltzaren arabera, 2005a baino lehen sortutako sozietate sarea zuzendu zuen De Miguelek, "norbera eta hirugarren pertsonak aberasteko irabazi ekonomikoak lortzeko". Horretarako, EAJko kide izateak ematen zizkion ardura politikoak baliatu zituela uste du.

Gainera, Eusko Jaurlaritza ere izango da epaiketan, ez akusatuentzako espetxe-zigorraren eske, batzuei kalte-ordainak eskatzeko baizik.

Bestalde, De Miguelen defentsak bera aske uzteko eskatu du, eta "fantasiazko kontaketa sinestezina" leporatu dio Fiskaltzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Araba Delituak Epaiketak Alderdi politikoak bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeriaren mapa Gasteiz De Miguel auzia albisteak