Politika -

Katalunia

Puigdemontek, mezuez: 'Gizakia naiz, zalantzak ditut, baina ez dut atzera egingo'

Generalitateko Presidentetzarako hautagaiak hainbat mezu bidali zizkion asteartean Toni Comini, "Moncloaren garaipena" onartu, eta bera "sakrifikatu" egin dutela esateko.

Carles Puigdemont, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Carles Puigdemont, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Puigdemonten eta Cominen arteko mezuek zalaparta sortu dute

1:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts per Catalunyak Generalitateko Presidentetzarako proposatu zuen hautagaiak, Carles Puigdemontek, WhatsApp bidez Antoni Comini bidali zizkion eta Telecincok zabaldu dituen mezuez hitz egin du Twitterren. "Gizakia naiz, eta batzuetan nik ere zalantzak ditut", esan du. Hala ere, "ez dut atzera egingo", erantsi du.

Telecincok zabaldutako mezuen arabera, prozesu independentista "amaituta" dagoela esan zion Puigdemontek Comini, eta "sakrifikatu egin gaituzte, ni bai behintzat", gaineratu zion. Hortaz, "Moncloa nagusitu da", haren iritziz.

Twitter bidez mezu horien harian eman dituen azalpenetan, Puigdemontek ez ditu gezurtatu. Aitzitik, onartu egin du "zalantzak" izan dituela, baina, Comini bidalitako mezuak aztertuta kontrakoa ondorioztatu ahal bada ere, ukatu egin du bere ibilbide politikoa amaierara heldu izana.

"Kazetaria naiz, eta beti pentsatu dut mugak daudela, pribatutasuna kasu; horiek inoiz ezin dira urratu. Gizakia naiz, eta, batzuetan, nik ere zalantzak ditut. Presidentea ere banaiz, eta ez naiz kikilduko, ez dut atzera egingo, errespetuagatik, esker onagatik, eta herritarrekiko eta herrialdearekiko dudan konpromisoagatik. Aurrera jarraitzen dugu", esan du txio baten bidez.

Mezuak zabaldu dituztenekin, kritiko

Puigdemont kritiko azaldu da Toni Comini bidali zizkion mezu pribatu horiek zabaldu dituztenekin. Kataluniako Gobernuko Osasun kontseilariari zena Bruselan dago, Carles Puigdemont presidentearekin batera, 2017ko azarotik, eta Roger Torrent Parlamentuko presidenteak inbestidura-saioa atzeratu ostean bidali zituen mezuak Puigdemontek.

"Hau amaitu dela uste dut. Gureek sakrifikatu egin gaituzte, ni behintzat. Zuek kontseilariak izango zarete, hori espero eta nahi dut, baina ni dagoeneko sakrifikatu naute", esan zion Comini.

"Ez dakit zenbat geratzen zaidan bizitzeko, asko espero dut, baina azken bi urteetan gertaturikoa ordenatzeko eta nire erreputazioa babesteko aprobetxatuko dut. Min handia egin didate, hainbat kalumnia, zurrumurru eta gezur baliatuz; helburu komun baten alde eutsi diot. Hau, baina, amaitu egin da. Hemendik aurrera, neure burua defendatu beharko dut", esan dio Puigdemontek Comini mezu horietako batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès argazkiak