Politika -

ABERRI EGUNA 2018

Burujabetzari buruzko ikuskera ezberdinak entzungo dira Aberri Eguneko hitzaldietan

EAJk eta Podemos Euskadik Bilbon ospatuko dute eguna eta EH Bilduk Iruñean, berriz, Indenpendentistak sarearen deialdiarekin bat eginez

Bilbon eta Iruñean izango dira berriz ere Aberri Eguneko ospakizunak. Argazkia: Wikimedia
Bilbon eta Iruñean izango dira berriz ere Aberri Eguneko ospakizunak. Argazkia: Wikimedia
Bilbon eta Iruñean izango dira berriz ere Aberri Eguneko ospakizunak. Argazkia: Wikimedia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin "atzerapauso demokratikoak" bizitzeko arriskua dugula ohartaraziko du EAJk aurtengo Aberri Egunaren ospakizunetan, eta "inoiz ikusi diren atzerapauso gogorrenak" bizi ditzakegula salatuko du EH Bilduk, Kataluniako egoerak nabarmen baldintzatuko dituen hitzaldietan.

Aberri Eguna dela eta igande honetarako prestatu dituzten testuetan, EAEko autogobernua "arriskuan" dagoela salatuko dute batzuk eta Katalunian 155. artikulua aplikatu duten bezala hemen ere egin dezaketela besteek. Hala, burujabetzaren inguruko hitzaldiak egingo dituzte.

Podemos Euskadik, bere aldetik, subiranotasunak ez duela, derrigor, "Estatu independiente bat esan nahi" defendatuko du, eta "herritarrak euren eskubideen alde modu masiboan defendatzen ari diren une honetan arlo sozialetan aurrera egiteko garaia" dela nabarmenduko dute.

EAJ

EAJk urteroko hitzordua errepikatuko du Bilboko Plaza Berrian, 11:30etik aurrera, 'Gure etorkizuna, gure aberria' lelopean.

Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, "Euskadin daukaguna bermatu nahi dugu, daukagunarekin aurrera egiteko". Buruzagi jeltzaleak EAJk Aberri Egunerako egindako dokumentuaz hitz egin du larunbat honetan: "Europan aitortua izateko aukeraren zain" dagoela Euskadi dio txostenak, "aho batez estatus berri baten onarpena" bilatzeaz gain. Izan ere, estatu espainiarraren egoerak "okerrera egin dezake desegonkortasun parlamentarioak aurrera egiten badu", eta horrek "hauteskundeak aurreratu" ditzake. Beraz, "lortutakoa babestu eta berriz aurrera egitera" deitu du, "eusteak garaipena" ekar lezakeelako.

EAJren iritziz, "agian ez dugu testuingururik egokiena Euskadiren autogobernua aktualizatuko duen estatutu berri bat, adostasunez, onartzeko Eusko Legebiltzarrean" baina hala ere, beharrezkoa da "lanean jarraitzea errespetu juridiko eta politikoan oinarritutako harreman bat eraikitzeko, bakean eta garapenenean oinarritutako Euskadi berri bat lortzeko".

EH Bildu

Otegik adierazi du EAJk bat egiten duela EH Bilduk aspaldi egin zuen planteamenduarekin, "Estatua badator gure autogobernu apurra eramatera. Gaur Katalunia da eta bihar Euskal Herria izan daiteke" baina ohartarazpen bat egin die jeltzaleei: "Hemen ez gaude erresistitzeko, hemen irabazteko gaude":

 

Otegik EAJri: 'Hemen ez gaude erresistitzeko, hemen irabazteko gaude'
Otegik EAJri: 'Hemen ez gaude erresistitzeko, hemen irabazteko gaude'
Otegik EAJri: 'Hemen ez gaude erresistitzeko, hemen irabazteko gaude'

1:54

 

Ezker abertzaleak Iruñean ospatuko du Aberri eguna, Independentistak sareak 'Menpekotasunetik askatasunera, burujabe hobe' lelopean egindako deialdiarekin bat eginez. Hala, euskal errepublika aldarrikatuko dute.

Aurten, berrikuntza gisa, Aberri Eguna Sarasate Pasealekutik aterako da 12:00etan, Golem zinemetatik atera beharrean, eta Sarasaten bertan izango da gero ekitaldi politikoa.

Ezker abertzaleak Ipar Euskal Herrian duen ordezkaritzak,  EH Baik, berriz, Donibane Garazin egingo du ekitaldia.

Podemos Euskadi

Podemos Euskadik, berriz, Bilbon ospatuko du Aberri Eguna 'Gure Eskubideen Jabe!' lelopean, Bailen kalean, 12:00etatik aurrera. Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkariak azaldu duenez, "Aberri Egunak tradizionalki izan duen esparru eta eztabaida zabaldu" nahi izan dute "euskal gizarteak duen aniztasuna" kontuan hartuta. Aurten "gizarte alorra" lehenetsi nahi izan dute mezu eta aldarrikapenetan.

Larreak "mugimendu feministaren, pentsiodunen, ekologisten eta euskal gazteen eskakizunak" aipatu ditu, eta "subiranotasunen alde apustu egiteko eta martxan jartzeko ordua" dela azpimarratu du."Aberri Egunean subiranotasunaz berba egitea pentsiodunen, atzerrira lan bila joan behar izan diren gazteen edo egunero matxismoaren aurka borrokatu behar duten emakumeen inguruan hitz egitea da".

Larrearen esanetan, "subiranotasuna ez dago etorkizun idiliko batean oinarritua, ez du estatu independente baten beharrik"; horren ordez, "demokrazian sakontzea" eskatzen du "egungo eskumenak eta subiranotasuna erabilita". Hortaz, "borondate politiko kontua" dela ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Bilbo albisteak Iruñea gaur Aberri Eguna gaur Alderdi politikoak EH Bildu Albisteak Gaur Euskadiko Podemos-eko albisteak