Politika -

Radio Euskadi

Oposizioak eta PSEk ez dute nahi Subillan gasa esploratzea, EAJren asmoaren kontra

EAJren ustez, gasa bezalako trantsizio energiak beharrezkoak izango dira hurrengo urteetan. Beste alderdiek uste dute Klima Aldaketaren Legeak ez duela utziko Armentia-2ko proiektua egitea.

'Parlamento en las Ondas'. EITB Mediaren bideo bateko irudia
'Parlamento en las Ondas'.
'Parlamento en las Ondas'. EITB Mediaren bideo bateko irudia

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioko eztabaidan, oposizioko alderdiek eta PSE-EEk Subillan gasa esploratzeok proiektuaren aurkako jarrera mantendu dute; bitartean, EAJk esan du hurrengo 20 urteetan gasa bezalako trantsizio energiak beharrezkoak izango direla, eta Euskadik horiek erosten jarraitu beharko duela.

Armentia-2 putzua esploratzeko proiektuarekin Eusko Jaurlaritzaren aurrera jarraitzeko asmori buruz hitz egin dute legebiltzarkideek Radio Euskadin. Exekutiboaren ustez, Diputatuen Kongresuan onartutako Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren Legeak "ez du baldintzatzen" Subillako esplorazioa.

EAJko Luis Javier Telleriaren ustez, Klima Aldaketaren Legea "oso garrantzitsua" da epe luzera energia sortzearen inguruko kontu asko aldatuko dituelako, eta deitoratu du alderdiak geratzea "gasa izan zitekeen edo agian gasik ez duen putzu txiki baten anekdotarekin".

Jeltzaleak ohartarazi du EAJk legearen alde bozkatu duela Kongresuan, aldaketa klimatikoan sinesten duelako, eta esan du "hala ere, hurrengo 20 urteetan gasa bezalako trantsizio energiak beharko dira, eta erosten jarraitu beharko dugu".  Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak "gas putzu bat miatzeko aukera baino ez du".

EH Bilduko Mikel Oterok nabarmendu duenez, EAJ "bakarrik" geratu da Armentia-2 putzuaren zundaketa proiektuaren alde. Bere ustez, "ez du babes politiko eta sozialik", eta Gasteizko Hiri Planak "ez du nahi".

Zentzu horretan, EAJk gai hori epaimahaietan izatea kritikatu du. Eusko Jaurlaritza parte den Shesa sozietate publikoak Gasteizko Udalak erabakitako lizentziaren ukoari helegitea jarri dio. Oterok esan duenez, Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoaren Legea "konfirmatuz gero", ezin izango da ustiatu.

PSE-EEren izenean, Eneko Andueza bozeramaileak esna du sozialisten jarrera "oso argia" izan dela Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean, proiektuaren kontra. "Ulertzen dugu Armentiako putzuaren esplorazioa ez dela aukera bat, Kongresuan onartutakoarekin bat eginez", gehitu du.

Bere ustez, proiektua "ez da egingarria ezta jarritako helburuen aldekoa", eta azpimarratu du PSEren apustua dela "lehenbailehen ehuneko ehunean berriztagarriak diren energietara heltzea".

Bestalde, David Soto Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen ustez ,"ez du zentzurik esploratzen jarraitzea, ezingo denean gasa atera" Subillatik.

"Ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzaren zati baten zorakeria, inora helduko ez den esplorazio batekin jarraitzean. Gasa izatekotan, ustiatzea debekatzen duen lege bat dago", esan du. Zentzu horretan, bere ustez, "ez dago argumentu logikorik, Gasteizko Udalaren oposizioa ikusita. Udaleko alderdi guztiek eta Eusko Legebiltzarraren gehiengo handi batek kale itsu batean kokatu dute EAJ".

PP+Cs taldeko Laura Garrido legebiltzarkidearen arabera, norbaitek esploratzea eskatzen duenean "ustiatzeko da", eta azpimarratu du horren atzean Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea duen enpresa bat dagoela.

"Gure ustez, gai honek ez du ibilbiderik, eta inguruko ingurumenaren balioarekin ez da bateragarria", esan du, eta gogorarazi du Udalak lizentzia baztertu duela, Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri duen arren.

Bestalde, Voxeko Amaia Martinezek esan duenez, Subillako putzuaren inguruan "EAJren eta EAJren arteko" liskar bat dago, "Arantxa Tapia eta Gasteizko alkatearen artekoa".

"Errespetatu beharreko arau bat dago, Gasteizko hiri antolamendu bat, esploratu ahal izango dute, baina ez ustiatu", azpimarratu du. Kritikatu duenez, "hau euskal herritarroi 20 milioi euro kostatuko zaigu", eta "ikuskizun deitoragarria da" diru hori proiektu horretan xahutzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Ingurumena Gasaren krisia Europan