Politika -

Eztabaida Radio Euskadin

EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren industria politika defendatu dute, Siemens Gamesa erosteko eskaintzaren ostean

EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Csek baliabide publikoen kontrol eta esku-hartze falta eta enpresa estrategikoen ihesa kritikatu dituzte.

Ekain Rico (PSE-EE) eta Luis Gordillo (PP+Cs), Radio Euskadiko eztabaidan. Argazkia: EITB Media
Ekain Rico (PSE-EE) eta Luis Gordillo (PP+Cs), Radio Euskadiko eztabaidan.
Ekain Rico (PSE-EE) eta Luis Gordillo (PP+Cs), Radio Euskadiko eztabaidan. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talde parlamentarioetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren industria politikaren inguruan eztabaidatu dute Radio Euskadiko eztabaida politikoan, Siemens Gamesa erosteko eskaintza publikoaren harira.

Maria Eugenia Arrizabalaga jeltzaleak argi esan du industria "lehentasuna" dela Eusko Jaurlaritzarentzat. Azpimarratu duenez, euskal erakundeek "berrogei urte" daramatzate industria politika "eredugarri" baten alde "lanean". Arrizabalagak azaldu du "pandemiak eta Ukrainako gerrak" eragina izan dutela sektorean, baina, hala eta guztiz ere, esportazioek % 23 gora egin dutela pandemiaren aurreko aldiarekin alderatuta.

PSE-EEko Ekain Rico gobernukideak bat egin du argudio horrekin, eta zehaztu du lehen hiruhilekoan "industriaren negozio-bolumenak gora" egin zuela, Ukrainako gerra iritsi zen arte. Ricok Jaurlaritzak industriarekin duen "konpromisoa" azpimarratu du.

Oposizioko alderdiak kritikoago agertu dira. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du industria dela euskal ekonomiaren "muina", eta horri esker lortu direla kalitate estandar hobeak Euskadin, "ez EAJri esker". Casanovak "enpresentzako laguntzetatik" haratago dagoen industria politika bat eskatu du.

Elkarrekin Podemos-IUko Ion Hernandezek esan du industria politiketara bideratzen diren baliabide publikoen "esku-hartze eta kontrol handiagoa" falta dela.

PP+Cs taldeko Luis Gordilloren ustez, aldiz, arazoa da Euskadin ez direla baldintzak betetzen enpresa berriak erakartzeko, eta "arrazoi askorengatik" enpresa askok ez dutela "Euskadira edo Kataluniara etorri nahi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Siemens Gamesa bideoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Industria