Politika -

ohiko osoko bilkura

Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk Osakidetzaren kontratazio eredua aldatzeko egin duen proposamena

Azkenik, Legebiltzarrak zuzenketa transakzionala onartu du, EAJ, PSE-EE eta PP-Ciudadanosen babesarekin. EH Bilduk egoiliarrei kontratu egonkorra eskaini eta agenda bakar batekin aritzea proposatu du.

Eusko Legebiltzarreko gaurko Osoko Bilkuraren irudia. Argazkia: EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarreko gaurko Osoko Bilkuraren irudia
Eusko Legebiltzarreko gaurko Osoko Bilkuraren irudia. Argazkia: EITB MEDIA

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk Osakidetzaren kontratazio eredua aldatzeko aurkeztutako proposamena. Koalizioak proposatu du egoiliarrei, formakuntza epea bukatutakoan, kontratu egonkorrak eskaintzea, gainerako langileen antzeko baldintzekin, eta agenda bakar batekin aritu ahal izatea.

Horrela, Legebiltzarrak zuzenketa transakzionala onartu du, EAJ, PSE-EE eta PP-Ciudadanosen babesarekin, eta eztabaidarako aurkeztu zen jatorrizko ekimena errefusatu. EH Bilduk "egoiliarrak EAEko osasun-sistema publikoari atxikitzeko kalitatezko lan-kontratu egonkor eta erakargarriak eskaintzeari buruz" aurkeztu zuen Legez Besteko Proposamena.

Ekimenaren aurkezpenean Rebeka Ubera kritiko agertu da Jaurlaritzak azken urtetan egindako politikekin, "ez dute behar bezala gizartearen beharrak bermatu". Uberak onartu du "arduraren 100 % ez duela Jaurlaritzak izango, baina ardura onartu beharko du".

"Zer egin dezake? Kontratazio eredua aldatu, Jaurlaritzak kontratazio eredua alda dezake. Kontratazio ereduak behin-behinekotasuna orokortu du, plantilla ahuldu. Ez du lortu Lehen Arreta erakargarri egiten", azaldu du.

Hala, EH Bilduren proposamena da formakuntza amaitu duten egoiliarrei "kontratu egonkorra eskaintzea, gainerako langileen antzeko baldintzekin, eta agenda bakar batekin aritu ahal izatea, euren pazienteak ezagutu ahal izan ditzaten".

Ildo beretik agertu da Elkarrekin Podemos. Jon Hernandezen esanetan, "beharrezkoa da osasun eremuko politikak errotik aldatzea". "Gure ustean, Osakidetza ez da behar beste erakargarria osasun langileentzat, eurek esaten dute".

"Dena ez dira soldatak, idealenak ez badira ere, baita ere garrantzitsuak dira lan kargak, eta euren ibilbide profesionala garatzeko aukera izatea", gaineratu du.

Ekain Ricok (PSE-EE), aldiz, nabarmendu duenaren arabera, "egoiliarren fidelizatze tasa % 80koa da", hau da, "egoiliarren % 80 Euskadin geratzen dira".

Estibaliz Larrauri EAJren legebiltzarkideak defendatu egin duenez, Osakidetzan egiten diren kontratuak "bat datoz araudiarekin, Osakidetzak sindikatuekin adostutako araudiarekin".

"Hein handi batean epe muga luzekoak dira, eta soldatak, Nafarrokoekin batera, Estatuko altuenetakoak dira; batez beste 3.000 euroko soldata, 14 ordainsari, eta gehien bat goizeko txandan", esan du Larraurik.

Horren ildotik, Larrauriren hitzetan, "hala ere, ez da lortzen plaza batzuk betetzea, espezialitate batzuetan ez dago nahikoa mediku, ez da Osakidetzaren berezko arazoa, autonomia erkidego guztietan gertatzen da, duela urte batzuk datorren gorabehera pilorengatik".

"Barne Mediku Egoiliarren formakuntza bukatzen dutenek behin behineko kontratuak dituzte, behin betikotasuna LEParekin bakarrik lor daiteke, Osakidetza saiatzen da kontratu horiek ahalik eta luzeen izatea", ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi